Gizartea -
Donostia
Ikerketapean dagoen kanabis elkarte bat irekitzeko agindua eman dute
Gros auzoan dagoen Strain Hunters kluba itxi egin zuten, droga-trafikoarekin lotutako auzi baten ondorioz.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Auzitegiak Donostiako Strain Hunters kanabis elkartea berriro irekitzeko agindua eman du, ikerketapean badago ere. Kasua sekretupean dago oraindik.
Kluba Grosen dago eta mila bazkide baino gehiago ditu. Elkartea joan den ekainean itxi zuten behin-behinean, droga-trafikoaren kontrako operazio batean. Ertzaintzak lau kilo marihuana, ordenagailuak, dirua eta dokumentazio antzeman zituen.
Hala ere, Gipuzkoako Auzitegiak lokala berriro irekitzeko agindua eman du orain, klubaren presidenteak jarritako errekurtsoa aintzat hartuta.
Elkartea pertsona juridiko moduan ez zegoela ikerketapean eta deklarazioa pertsona gisa hartu ziotela, eta ez klubaren ordezkari moduan, argudiatu zuen presidenteak.
Epaileak arrazoi horiek onartu ditu eta elkartea berriro irekitzeko agindua eman du.