Gizartea -
Euskararen Eguna
EAEko erakundeek Euskararen Eguneko adierazpena adostu dute
'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' goiburupean, 500 atxikimendutik gora lortu ditu adierazpenak. Tartean daude Jaurlaritza, diputazioak, udalak, alderdiak, sindikatuak eta pertsona ezagunak.
Agentziak | Erredakzioa
Hizkuntza Politika gaietarako Administrazio Publikoen Koordinaziorako Batzordeak (Hakoba), Euskararen Egunerako adierazpena aurkeztu du.
'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' goiburupean, 500 atxikimendutik gora lortu ditu adierazpenak: EAEko erakundeak (Eusko Jaurlaritza, diputazioak eta udalak), alderdi politikoak, komunikabideak, kulturarako profesionalak, pertsonaia ezagunak, enpresak, sindikatuak, unibertsitateak, museoak, kirol-taldeak eta lehen mailako kirolariak.
Adierazpenak dio Euskararen Eguna “indarra hartzeko eguna” dela eta helburua bi hizkuntza ofizialen arteko “berdintasuna” lortzea dela, “euskara indartsu eta osasuntsu bizi dadin lurralde guztietan”.
“Euskara eta bizikidetza linguistikoa sendotzeko konpromisoa” harten dute adierazpenaren babesleek, “bakoitzaren ahalmenaren araberako konpromisoa”.
Konpromiso horri lotuta dago adierazpenaren izenburua: 'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' Denok egin dezakegu zerbait.
Aurkezpen ekitaldian, ondoko ordezkariak izan dira: Patxi Baztarrika (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea), Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundia), Joseba Perez de Heredia (Arabako Foru Aldundia) eta Mikel Irizar (Gipuzkoako Foru Aldundia); Bilboko Udaleko Koldo Narvaiza eta Donostiako Udaleko Miren Azkarate; Koldo Iturbe izan da EUDELen ordezkaria eta Josu Labaka UEMAko ordezkaria.