Gizartea -
Loiu
Hiru hegaldi bertan behera Bilboko Aireportuan, haizeagatik
Era berean, beste bost hegaldi desbideratu behar izan dituzte. Uneko haize-ufadak direnez, abioi asko arazorik gabe sartu dira pistan.
eitb.eus
Hiru hegaldi bertan behera utzi eta beste bost desbideratu behar izan dituzte gaur, astelehena, Bilboko Aireportuan (Loiu, Bizkaia), haizea dela eta.
AENAk eitb.eus-i azaldu dioenez, uneko eragozpenak izan dira, haize-kolpeak daudenean, baina gainerakoan arazo barik sartu dira Loiuko pistan.
Zehatz-mehatz, hauek desbideratu dituzte: Madriletik zetorren Air Europaren hegazkina (buelta eman du), Sevillatik abiatutako Vuelingena (Bartzelonara bidali dute) eta Bartzelonatik irtendako Vuelingen beste bat (Bartzelonara itzuli da).
Azken biak honako hauek izan dira: Santiagotik irtendako Air Nostrumen hegazkin bat, Santanderren lur hartu behar izan du; eta Paristik abiatutako beste bat (Air Francena) Biarritzera bidali dute.
Bertan behera utzi dituztenak, ostera, lehen aipatutako horietatik hiru izan dira, Madrilera, Parisera eta Santiagora itzuli behar baitzuten.