Gizartea -
jazoera
Hiru pertsona atxilotu dituzte Bilbon, bi gazte jipoitzeagatik
Atxilotuak 18 eta 22 urte artekoak dira, eta lesio-delitua leporatuta atxilotu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu gaur Bilbon, bi gazteri jipoia ematea leporatuta. Biktimetako bati sudurra hautsi omen diote.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, goizaldean, 04:40an, izan da ustezko erasoa, San Vicente kalean.
Inguruan patruilan zebiltzan ertzain batzuk bertaratu direnean, bi gazte zaurituta aurkitu dituzte. Hori ikusita, anbulantzia bati deitu diote.
Horien esanetan, lau gizonezkok eraso diete: ukabilkadak eman, lurrera bota eta ostikoak eman omen dizkiete. Jipoiaren ondorioz, biktimetako bat konortea galtzeko zorian egon da, eta osasun-zentro batera eraman behar izan dute, sudurra apurtuta baitzuen, antza.
Agenteak erasotzaileen bila hasi da, eta, minutu batzuk geroago, biktimek emandako deskripzioarekin bat zetozen 18 eta 22 urte bitarteko hiru gizonezko aurkitu eta atxilotu dituzte, lesio-delitua leporatuta.