Gizartea -
Arabako campusa
EHUk gaitzetsi egin du autobus bati Arabako campusean egindako erasoa
Bizikidetzaren aldeko deia egin du, eta azaroaren 24ko hauteskundeak normaltasun eta errespetu giroan egitea eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herriko Unibertsitateak gaitzetsi egin du atzo gazte talde murritz batek Arabako campusean autobus bati egindako erasoa. EHUren esanetan, erasotzaileek kalte handiak egin zizkioten autobusari.
Erasoa atzo eguerdian izan zen, Arabako campusaren inguruan. Aurpegia estalita eta eskuetan burdinazko barrak zituzten bi lagunek aut0busa geldiarazi ondoren, beste batzuek "Gurea Eraiki" eta "A-24" margotu zuten autobusaren kanpoaldean, azaroaren 24an EHUko errektorea aukeratzeko egingo diren hauteskundeak gogorarazteko.
Unibertsitateak ohar bidez jakinarazi duenez, atzoko gertaerek zuzenean eragiten diote, autobusak campusari zerbitzua ematen diolako eta autobusean egindako pintadetan hauteskunde egunerako Leioako campusean deitu duten elkarretaratzea aipatzen dutelako.
"Inork ez dauka ondasun publikoak suntsitzeko eskubiderik, eta egileek egindakoarengatik erantzun beharko dute", nabarmendu du. Halaber, EHUk esan du gutxiengo biolento batek ezin dezakeela unibertsitateko komunitatea osatzen dutenen botoan eragin.
Hori dela eta, bizikidetzaren aldeko deia egiteaz gain, azaroaren 24ko hauteskundeak normaltasun eta errespetu giroan egitea eskatu du.