Gizartea -
Gabonetako zozketa
Gabonetako loteriak 164 milioi euro jarri ditu salgai EAEn dezimotan
EAEra esleitutako dezimo kopuruaren arabera, biztanle bakoitzak 74,95 euroko gastua egingo du; batez beste 63,8 euroko gastua egingo dute Estatuan.
EiTB.EUS
Loteria y Apuestas del Estado Espainiako elkarteak 164 milioi euro jarri ditu salgai Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dezimotan abenduaren 22an egingo den zozketarako. EAEra esleitutako dezimo kopuruaren arabera, biztanle bakoitzak 74,95 euro erabiliko ditu Gabonetako loteria erosteko. Estatuan, berriz, batez beste 63,8 euro erabiliko dituzte.
Elkarte horrek emandako datuen arabera, Bizkaira bidali dituzte dezimo gehien; 103,2 milioi euro bidali dituzte dezimotan saltzeko, eta, guztiak salduz gero, batez beste 89,84 euro gastatuko ditu bizkaitar bakoitzak. Bigarren postuan, Gipuzkoa dago; 43,5 milioi euroko balioa duten dezimoak bidali dituzte (60,7 euro biztanleko). Azkenik, Araba dago, 17,3 milioi euro bidali baitute bertara dezimotan; 53,63 euro biztanle bakoitzeko.
Saltzeko Gabonetako loteria gehien jaso duen erkidegoen zerrendan, 7. dago Euskadi, eta 6.a da biztanle bakoitzeko datuei erreparatuz gero. Erkidego hauek bakarrik daude EAEren aurretik sailkapen horretan: Gaztela eta Leon (96,81), Asturias (90,67), Errioxa (89,98), Aragoi (88,98) eta Madril (76,67). Datu globalei begiratuta, berriz, Madril dago sailkapenaren buru, 493,5 milioi euro zabaldu baitituzte bertan dezimotan saltzeko.
Gabonetako loteriak guztira 2.310 milioi euro banatuko ditu saritan abenduaren 22an, 2015ean baino 70 milioi gehiago. Halaber, iaz baino bost milioi dezimo gehiago izango dira salgai.
Loteriaren sari nagusia 29 aldiz egokitu da Euskadin: 15 aldiz saldu da Bizkaian, 11 aldiz jausi da Gipuzkoan, eta 3tan, berriz, Araban.