Gizartea -

Ikerketa

Euskal ikertzaile talde batek munduko lenterik txikiena sortu du

Egindako aurkikuntza Donostiako Materialen Fisika Zentroak, Donostia International Physics Centerrek eta Cambridgeko Unibertsitateak elkarrekin egindako lanaren emaitza da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko zenbait ikertzailek munduko lenterik txikiena sortu dute, Cambridgeko Unibertsitatearekin batera. Aipatu lenteak argia metroa baino mila milioi aldiz txikiagoak diren neurrietan harrapatzeko gai da, atomo bakarraren neurrian, hain zuzen ere.

Ikerketa Science aldizkarian argitaratu dute, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren laguntza jaso du, baita Erresuma Batuko Zientzia Fisikoen Ikerketarako Kontseiluarena ere.

Javier Aizpurua Materialen Fisika Zentroko eta DIPCeko ikertzaileak ohar baten bidez jakitera eman duenez, "mendeetan zehar, zientzialariek uste izan dute argia ezin zela fokalizatu bere uhin luzera (metroaren milioirenaren ordenakoa) baino neurri txikiagotan".

Lentea egiteko, Jeremy Baumberg irakasleak gidatu dituen Cambridgeko ikerlariek eroankortasun altuko urrea erabili dute “aurki daitekeen barrunbe optikorik txikiena eraikitzeko".

Materialen Fisika Zentroaren arabera, "eskuan plektroa hartuta gitarraren sokak eragiten diren moduan, argiaren energiak molekula baten lotura kimiko jakin baten bibrazioak eragin ditzake".

Ikerketa horrekin, "piko-barrunbean fokalizatutako argiak ondoko molekularen bibrazioak eragitea" lortu dute ikertzaileek. "Munduko gitarrarik txikiena bezala imajina genezake, argiaren bidez jotzen den gitarra", azaldu dute.

Egindako lana oinarrizko ikerketaren eremuan sartzen da; horrenbestez, oraindik zehazteke daude horren aplikazioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia EHU Gizartea Eguneko albisteak Zientzia berriak