Gizartea -
Sexu erasoak
Sanferminetako bortxaketako auzipetuetako bat, Sevillan ikertua
Dos Hermanaseko (Sevilla) base militarretik gertu jazotako ustezko sexu eraso batean parte ote hartu zuen ikertu du poliziak, baina auzitegiak artxibatu egin du kasua, behin-behinean.
Agentziak | Erredakzioa
Joan zen sanferminetan gertatu zen bortxaketan parte hartzeagatik auzipetuta dagoen gizonezkoetako bat Sevillan, Dos Hermanaseko El Copero base militarretik gertu, egindako beste sexu eraso batean parte hartu ote zuen ikertu du Poliziak.
Zentzu horretan, Iruñeko 4 zenbakiko instrukzio epaitegiak gaur ezagutzera eman den auto batean jasotzen duenez, hedatu egin du sanferminetan taldean egindako bortxaketagatik Iruñeko Udaltzaingoak irekitako argiketa, Dos Hermanasen izandako ustezko sexu eraso bati buruzko jakinarazpena jaso ostean.
El Coperon ziharduen armadako kide batek eman zuen ustez duela sei urte egindako gertaeraren berri. Izan ere, Iruñeko argazkiak ikusi ostean, auzi horregatik atxilotuta dagoen eta 2010ean base berean lan egiten zuen guardia zibila identifikatu zuen, urte hartako pasarte bat gogoratzeaz gain. Pasarte horren arabera, neska bat base militarretik gertu esnatu zen lagun batzuekin batera jai batean parte hartu eta gero. Neskak ez zuen ezer gogoratzen, eta buruko mina eta hanketako mina zuela esnatu zen; gainera, bere gauzak lapurtu zizkiotela zioen, baina ez zuen salaketarik jarri nahi izan.
Testigantza horretan oinarrituta, Iruñeko instrukzio epaitegiko epaileak prozedura bat ireki zuen, besteak beste, neska identifikatu eta aurkitzeko. Orain, baina, Dos Hermanaseko auzitegiaren alde inhibitzea adostu du kasu horretan, eta bertara igorriko ditu egindako jarduerak.
Aldi berean, iturri judizialek adierazi dutenez, Dos Hermanasen salaketa artxibatu egin dute behin-behinean, "zehaztasun gutxi zuelako eta ez zekitelako nor zen biktima, ezta non zegoen ere; horrez gain, ez zegoen argi gertakariak delitu izan zitezkeen ala ez". Auzi horren harira datu berri adierazgarriren bat agertuko balitz, berriro ikertzeari helduko diote.