Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizonezko batek bikotekide ohiaren istripua eragin du A-8n, Gallartan
Bikotekide ohiaren autoa nahita jo zuen, autobidetik atera arte. Istripua eragin ostean ihesean joan zen. Erasotzailea Barakaldon atxilotu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu dute astearte honetan Barakaldon, indarkeria matxista delitu bat egotzita, A-8 autobidean bere autoarekin bikotekide ohiaren ibilgailua nahita jo eta errepidetik ateratzeagatik.
Biktimarengandik urruntzeko agindua urratu izana ere egotzi diote atxilotuari, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gertaerak astelehenean jazo ziren, arratsaldeko 15:30 aldera. Biktima A-8 autobidetik zihoan bere autoan, Gallarta parean, eta, une horretan, bikotekide ohia autoarekin bere parean jarri zen eta jo egin zuen, errepidetik atera arte.
Erasotzaileak tokitik alde egin zuen, eta biktima zauritu egin zen eta ospitale batean artatu behar izan zuten; halere, dirudienez ez du zauri larririk.
Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzak ikerketa hasi zuen egilea aurkitzeko eta atxilotzeko, eta azkenean astearte honetan atzeman dute, goizean goizetik, Barakaldon.
Atxilotuari bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua urratu izana ere egotzi diote, eta orain ertzain etxean dago ohiko izapideak egiten diren bitartean.