Gizartea -
memoria historikoa
Mola jeneralaren gorpuzkiak Erorien Monumentutik kanpo daude jada
Sanjurjo jeneralarena eta beste bost militar frankistenak azaroaren 16an aterako dituzte hobitik, aurreikusita zegoen bezala.
Agentziak | Erredakzioa
Emilio Mola jeneral frankistaren gorpuzkiak Iruñeko Erorien Monumentuko kriptatik kanpo daude urriaren 24tik. Joseba Asiron Iruñeko alkateak gaur iragarri duenez, militarraren gorpuzkiak hobitik atera zituzten, familiak hala eskatuta.
Mola gorpuzkiak bezala, Monumentuan hobiratuta dauden gainerako sei militarren gorpuzkiak ere aterako dituzte, abuztuan Memoria Historikoaren Legeari betetzeko hartutako erabakiari eutsita. Asironen hitzetan, Udaleko zerbitzu juridikoek ezetsi egin dituzte Sanjurjoren eta Arregui Olaquiagaren senitartekoek eta Iruñeko Artzapezpikutzak erabakiaren kontra aurkeztutako alegazioak. Hala, prozesuak aurrera egingo du.
Gorpuzkiak hobitik ateratzeko jarritako datari eutsiko dio Udalak (azaroaren 16rako zegoen aurreikusita).
Iruñeko Artzapezpikutzak eta Sanjurjo eta Arregui militarren senitartekoek hilerriaren itxieraren kontrako alegazioak aurkeztu zituzten. Guztiak baztertu ditu Udalak. Horrez gain, Aznar familiarena partzialki onartu, eta hobitik ateratzen alde zeuden Munarriz eta Martinez Chascoren familiek eskatutakoa baietsi du.
Akordioa Artzapezpikutzarekin
Bestalde, Iruñeko Artzapezpikutzarekin akordioa lortu duela adierazi du Asironek. Adostutakoaren arabera, Artzapezpikutzak ez du epaitegietara joko, baina kripta erabiltzeko eskubidea aitortu diote.
Gorpuzkiak hobitik ateratzeko modua ere hitzartu dute bi aldeek. Agiriaren arabera, prozedura "erabateko intimitatean" eta "behar-beharrezkoak" diren udal langile teknikoak bakarrik izango dira; aldez aurretik artzapezpikuari jakinarazi beharko zaio zenbat izango diren eta bakoitzaren funtzioa zein izango den".
Akordio horren arabera, komunikabideak ezingo dira bertan egon, eta, "senideek baimena eman ezean", ezingo da argazkirik atera. Halaber, adostu dute prozesua egiterakoan Artzapezpikutzak izendatutako apaiz bat bertan egotea, gorpuzkiak hilobitik ateratzeko unean errespontsu bat otoitzeko "senideek hala nahi izanez gero".