Gizartea -
Nafarroa Oinez
29 urte eta gero, Nafarroa Oinez Lesakara itzuliko da 2017an
Lesakako Tantirumairu Ikastola 2017ko edizioa prestatzen ari da jada. Urriaren 15ean izango da, 'Bikin bat in' lelopean.
EITB.EUS
Lesakako Tantirumairu Ikastolak antolatuko du 2017ko Nafarroa Oinez eta ospakizun horren aurkezpena egin dute gaur Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, Iruñean. 29 urteren buruan itzuliko da Nafarroako Ikastolen besta handia Lesakara, 1988an Nafarroa Oinez ere antolatu baitzuen Tantirumairu Ikastolak.
Aurkezpenean, Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolak aurtengo arrakastarengatik zoriondu ondotik, Tantirumairuk 2017ko Nafarroa Oinez proiektua garatzeko ardura eta Nafarroako 15 ikastolak ordezkatzeko ohorea ilusio handiz hartu duela azpimarratu du Aitor Iratzoki zuzendariak.
"Tantirumairu tamainan txikia da baina ilusioan hagitz handia dela sumatu dugu Nafarroa Oineza antolatzeko ardura gurea izanen zela jakin genuenetik eta ingurunearen babesa nabarmendu beharra dugu. Eskerrak adierazi jada laguntzera hurbildu den jendetzari eta antolaketan edo beste lanetan laguntzera hurbildu nahi duenak ongi-etorria izanen da, noski" adierazi du.
Ikastolaren historiaren zertzelada batzuk eman ditu Iratzokik: "Lesakako Tantirumairu ikastolak zazpi ikaslerekin hasi zuen bere bidea urratzen 1974. urtean. Garai hartan, irakaskuntza euskaraz aldarrikatzen zuen gizarteak Euskal Herriko bazter guztietan. Gogo horri erantzunez sortu zen ikastola, guraso eta laguntzaile talde baten ekimenez. Herria euskalduna izanik ere, guti ziren euskaraz solasteko ohiturari eusten zioten gazteak. Hasierako urte haiek zailak izan ziren, baliabide eta lokal egokirik gabe. Guraso, irakasle eta bazkideen ilusio eta indarrek, ordea, ez zuten mugarik; beraien lanari esker, ikastolak aitzinera jarraitu zuen. 1988an Nafarroa Oinez antolatu zen Lesakan eta beroni esker Ikastolaren egoitza erabat berritu eta legeak eskatzen zuen bezala egokitu ondotik, Ikastolak 1991n behin betiko legeztapena lortu zuen".
Gaur egun, 2016-17 ikasturtean 113 ikasle ditu Tantirumairu ikastolak, 75 familiakoak. Gainera, 16 langile gaude eta 100 bat bazkide. 2017ko Nafarroa Oinez eguna, Tantirumairu Ikastolaren ibilbidean mugarri garrantzitsutzat jo du Aitor Iratzoki zuzendariak: "Gauzak aunitz aldatu dira, baina gogotsu gaude, ilusioz, erronka handi bezain polit honen aitzinean. Nafarroako 15 ikastolen izenean, harrotasunez, gure gain hartzen dugu Nafarroa Oinez 2017 besta antolatzeko ardura".
Tantirumairu ikastolaren premiak
Amaia Lasheras, Tantirumairu Ikastolako lehendakariak adierazi duenez, "Ikastolak ekimen sozialetik sortutakoak gara, herritik herriarentzat, zerbitzu publikoa eskaintzeko xedeaz".
"Ikastolak nahi duen ororentzat eskuragarri izateko espirituaz abiatu ziren Nafarroan duela 50 urte, eta egun, asmo berari eutsiz jarraitzen dute lanean. Ikastola hezkuntza ereduak euskara eta euskal kultura hartzen ditu oinarritzat, baina beti ere, munduari irekita. Auzolana eta auto-kudeaketa irizpidetzat hartuta, familia eta langileen elkarlanean curriculum eta ikasmaterial propioak sortzen ditugu eta etengabeko hobekuntzaren bila dihardugu. Tantirumairuk horretan eman du bere ibilbidea eta aurrerantzean ere hala aritu nahi du, horretarako baliabideak behar dituelarik. Lesakako ikastola 7 ikaslerekin sortu zen, egun ordea 100 baino gehiago ditu eta eraikinak ez du behar adina lekurik", azaldu du.
Hortaz, 2017ko Nafarroa Oinez Tantirumairu Ikastolako zenbait premia asetzeko baliagarria izango da: "Jangela handiagoa, gure ikasle talde handiari behar bezala bazkaria eman ahal izateko; laborategi bat, lehenagokoa informatika gela bilakatu behar izan baitugu; hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan bereziak egiteko gela; talde bikoiztuak banatzeko gelak; Zuzendaritza bulegoa, tutoretza gela eta guraso elkartearentzat bulegoa. Eraikinak ez duenez zabalkuntzarik onartzen, irtenbiderik egokiena, bere ondoan eraikuntza berri bat egitea da".
Egoitza berri horrek lehenbiziko solairuan Haur Hezkuntzako etapa osoa hartuko luke eta jangela eta psikomotrizitate gela beheitiko solairuan. Bestalde, "eraikin zaharrean egokitzapen guti batzuk eginda, nahiko leku geldituko da Lehen Hezkuntzako premia guztiak asetzeko", erantsi du.
Logoa eta leloa
Lehenbiziko urrats horien erakusle, 2017ko Nafarroa Oinezaren leloa eta logoa aurkeztu zituzten. Leloari dagokionez, 'Bikin bat in' hautatu dute Lesakan, 1988ko 'Euskarari eutsi, euskaraz hezi' hura ordezkatuko duena. Ikastolako presidentearen erranetan, "bi da hitz giltzarria: Nafarroa Oinez bigarren aldiz eginen da Lesakan. Edozein komunikazio, gutxienez biren artekoa da, emailea eta hartzailea”, azaldu du Lasherasek.
Bikin batin, tarterik gabe utziz gero, birekin batean, elkarlanean adierazten du, Lesakako ahozko euskaran.
Ikurrak, berriz, ikastolaren atarian betidanik izan duten intxaurrondoaren bi hosto irudikatzen ditu.
Bestalde, azaroaren 12an, Nafarroa Oinez denda irekiko dute Lesakan, Bittiria kalearen 26an, garai batean Laminaciones de Lesaka lantegiak zituen bulegoetan.