Gizartea -
Indarkeria matxista
Leioako adingabearen ustezko erasotzailea, aske
18 urteko gizona galdekatu eta libre utzi du epaileak.
eitb.eus
Leioan (Bizkaia), astearte goizaldean adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita atxilotutako gaztea aske utzi du epaileak.
18 urteko gizona erasoa egin eta gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak, asteartean.
Segurtasun Saileko iturrien arabera, erasoa 02:45ean inguruan gertatu zen. Adingabea etxera bidean zihoan, festa batean izan ostean.
Abisua jaso eta gero, Ertzaintza erasoaren lekura bertaratu zen eta, handik minutu gutxira, 03:30 aldera, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuen, Leioan bertan. Atxilotua gizonezko gazte bat da, eta Getxoko Epaitegira eraman zuten.
Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta han auzitegiko medikuak artatu zuen. Neskatoa etxean da jada.
Sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute 19:30ean
Leioako Udaleko Bozeramaile Batzordeak sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du gaur, 19:30ean, Avanzadako Bulebarrean. Halaber, emakumeen kontrako indarkeria kasuen aurrean isilik ez gelditzeko deia egin die herritarrei.
Horrez gain, Udalak adierazpen instituzional bat onartu du gertatutakoa salatuz, eta "gaitzespen eta konpromiso jarrera bera" hartzeko eta emakumeen kontrako indarkeria ez onartzeko dei egin die herritarrei.
Bestalde, halakoen kontrako ekitaldietan parte hartzeko eta "emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasun balioak txertatzeko" gonbita egin die herritarrei.
Gertatutakoaren aurrean, Leioako Udalak ohar bat argitaratu zuen atzo bere webgunean erasoa gaitzesteko: "Leioako Udalak atzo gauean Leioako adingabeko neska batek jasandako eraso sexista gogorra erabat gaitzesten du".
Oharrean jasotzen zenez, Udalak "emakumeen askatasun sexualaren kontrako eraso guztiak salatzen ditu baina, bereziki, adingabekoen kontrakoak, kasu honetan bezala".
Emakundek Leioako sexu-erasoa gaitzetsi du
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Leioako sexu-erasoa "irmoki gaitzetsi" du, eta Leioako Udalarekin harremanetan dagoela adierazi du kasuaren jarraipena egin ahal izateko.
Emakumearen Euskal Erakundeak bere babesa eskaini dio biktimari, eta emakumeak salaketa berehala jarri izanaren garrantzia azpimarratu du, aurreikusitako protokoloak martxan jartzea ahalbidetu zuela argudiatuta.
Ildo horretan, gogoratu du Emakunderi dagokiola indarkeria matxistari lotutako hilketa kasuetan protokoloak martxan jartzea eta Udalari, ostera, sexu-erasoen kasuan.
________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.