Gizartea -
Sanferminetako lau akusatuk
Kordobako sexu abusuaren biktimak berriz deklaratzea eskatu dute
Sanferminetako bortxaketagatik auziperatutako bost lagunetatik lauri beste sexu abusu bat leporatzen diete Pozoblancon.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sanferminetako bortxaketagatik behin-behinean kartzelan dauden bost lagunetatik lauri beste sexu abusu bat leporatzen diete Pozoblancon (Kordoba), eta Kordobako biktimak berriz deklaratzea eskatu du gaur lau gazteen defentsak, aurreko astean epailearen aurrean deklaratu zuenean defentsa abokatuak ez zeudela argudiatuta.
Pozoblancon (Kordoba) 21 urteko neska bat bortxatzea leporatzen diete, eta salaketaren arabera, biktimari burundanga droga eman zioten eta, gero, auto batera igo zuten.
Lau akusatuek bideokonferentzia bidez deklaratu dute kartzelatik. Pozoblancoko instrukzio epaitegiak bere gain hartu du Pozoblancoko sexu abusua, sanferminetako bortxaketa ikertzen ari zen Iruñeko epaileak sexu abusua argitara atera ostean.
Droga eman ziotela eta bortxatu egin zutela adierazi zuen biktimak epailearen aurrean, eta hiru lekukoek ere haren bertsioa berretsi zuten.
Pozoblancoko epaileak defentsaren eskaria aintzat hartu du eta, beraz, biktimak eta hiru lekukoek berriz deklaratu beharko dute datozen egunetan.
Bestalde, Defentsak Nafarroako Foruzaingoaren aurka egin du Kordobako auzian eskumenik ez duela argudiatuta. Are gehiago, formetan izandako akatsengatik izapideak bertan behera uztea eskatzen du. Izan ere, Iruñeko epailearen ikerketarengatik abiatu zen ikerketa,, ez biktimak salaketa jarri zuelako.