Gizartea -
Bizkaian
Ertzaintzaren komisaria batean atxilo zegoen gizon bat hil da
22 urteko gaztea da hildakoa. Sestaoko ertzain-etxean zuten, eta korderik gabe topatu dute gaur goizean.
EITB.EUS
Sestaoko ertzain-etxean atxilo zegoen 22 urteko gizonezko bat hil da gaur, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Iturrion arabera, gaua komisarian igaro du gazteak, eta goizean korderik gabe topatu dute ziegan. Medikuak suspertzen saiatu diren arren, bertan hil da. Atzo gauean ospitalera eraman zuten, ondoezik zegoela eta, baina senda-agiria eman zioten.
Gizona atzo arratsaldean atxilotu zuten Gurutzetako Ospitalean, haren kontra zegoen errekisitoria bat tarteko. Erietxetik bertatik deitu zuten Ertzaintzara, psikiatriako gaixo bati senda-agiria eman ziotela baina ospitaletik joateari uko egiten ari zitzaiola ohartarazteko. Istiluak sortzen ari zen gaztea, nonbait.
Identifikatu, eta haren kontrako errekisitoria bat zegoela-eta, atxilo hartu zuten agenteek.
Sestaoko ertzain-etxean haren eskubideak irakurtzen ari zitzaizkiola, ondoezik sentitu zen gaztea, eta 20:30ean berriro eraman zuten erietxera. Larrialdi zerbitzuetako medikuek senda-agiria eman ziotenean eraman zuten bueltan Sestaora. Gero, 01:00ak aldera, afaria eta osagileek agindutako botika eman zioten.
Gaur 08:30ak aldera, atxilotuen zaintza egiteko ardura zuen ertzaina 22 urteko gizonezkoa konorterik gabe zegoela ohartu da, eta anbulantziari deitu dio. Oraindik pultsua bazuela-eta osasun langileak gizona suspertzen ahalegindu badira ere, tokian bertan hil da.
Ertzaintzak gertatutakoaren berri eman dio segizio judizialari eta, gutxira, epaileak gorpua altxatzeko agindua eman du. Bestalde, ikerketa abiatu dute heriotzaren nondik norakoak argitzeko.