Gizartea -
Ikerketa
Gutxienez 285 pertsonak egiten dute lo kalean Euskadin
Horien % 67 Bilbon, Donostian edo Gasteizen bizi dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoan bizitegi-bazterketa larrian dauden lagunen 285k, gutxienez, kalean egiten dute lo, eta ez dute etxerik gabeko pertsonei eskainitako baliabide publikorik erabiltzen.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak gaur eman ditu ezagutzera EAEko biztanleria osoaren % 65 hartzen duten EAEko 24 udalerritan kaleetan egindako zenbaketaren emaitzak. Aurten, lehen aldiz, EAEn bizitegi-bazterketa larria ikertzeko, jarraitzeko eta analizatzeko, erakundeen arteko lankidetza-protokoloaren esparruan egin da zenbaketa. Protokolo hori 2016ko uztailaren 26an sinatu zuten Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko, Foru Aldundietako, hiru hiriburuetako udaletako eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariek, eta zenbaketa bi urtean behin egitea adostu zuten.
Aste honetan, asteazken gauean, 1.022 boluntario aritu dira lanean 24 udalerritan, eta zenbaketa 22:00etatik 02:00etara egin dute, modu koordinatuan.
Herri hauetan egin dute zenbaketa: Gasteiz, Donostia, Bilbo (hiriburuetan urte batzuk daramatzate zenbaketa hauek egiten); Barakaldo, Getxo, Irun, Laudio, Santurtzi, Sestao eta Portugalete (2014ko zenbaketan hartu zuten parte); eta Durango, Eibar, Erandio, Errenteria, Güeñes, Hernani, Iurreta, Legazpi, Leioa, Pasaia, Tolosa, Urduña, Zalla eta Zarautz.