Gizartea -

Indarkeria matxista

Bilboko sexu erasoaren ustezko egilea atxilotu dute, Gasteizen

17 urteko bilbotar bat da atxilo hartutakoa. Horrez gain, sexu erasoa jasan duela eta, salaketa jarri du emakume batek Bermeon.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

17 urteko Bilboko bizilagun bat atxilotu dute Gasteizen, Boluetan (Bilbo) larunbat gauean izandako sexu erasoaren ustezko egilea delakoan, Ertzaintzak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Adingabe batek, 17 urtekoa hau ere, sexu erasoa jasan zuela salatu zuen igandean. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta biktimak emandako datuei esker, ustezko egilea atzeman ahal izan du Polizia autonomikoak. 17 urteko Bilboko bizilaguna da. Astearte arratsaldean atxilotu zuten, Gasteizen.

Bilboko mugimendu feministek deituta, elkarretaratzeak daude deituta asteazken eta ostegun honetan, 19:30ean, asteburuan Bizkaiko hiriburuan izandako bi eraso matxisten aurka. Izan ere, Boluetan izandako horrez gain, Zorrotzaurren beste eraso bat izan zen igandean. Bi gizon atxilotu dituzte.

Horrez gain, beste sexu eraso bat jazo da azken orduetan Bermeon. Ertzaintzaren iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez, emakume batek salaketa aurkeztu du. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak, eta auzia argitu bitartean, beste daturik emango ez duela nabarmendu du.

________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Tratu txarrak Espainian Gasteiz berriak Albisteak