Gizartea -
Filmatze lanak
Hasi dira 'Game of Thrones' Zumaian filmatzen
Jon Snow eta Tyrion Lannister izan dira Itzurungo hondartzan, baina ez, ordea, Daenerys Targaryen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Game of Thrones" telesail ospetsua Zumaian (Gipuzkoa) filmatzen hasi dira astelehen honetan, azken egunetan Barrikan eta Bermeon (Bizkaia) izan eta gero.
Goizeko lehen orduan hasi dute filmazioa, flyschean. Dothraki ugari eta ontzi bat ikusi ahal izan dira bertan.
Besteak beste, Kit Harington (Jon Snow), Peter Dinklage (Tyrion Lannister) eta Liam Cunningham (Sir Davos Seaworth) aktoreak izan dira Itzurungo hondartzan, baina ez, ordea, Emilia Clarke (Daenerys Targaryen).
Itsasgorarekin batera, eten egin behar izan dute filmazioa ordu batzuk, baina arratsaldean berriz ere ekin diote.
Zumaiako hondartzan neurri zorrotzak ezarri dituzte, zaleek bideoak grabatzea edo argazkiak egitea galarazteko.
Gainera, debekatu egin dute hondartzan sartzea eta itsaslabarretara gerturatzea, eta Guardia Zibilak itsasoa zaindu du, ontzitan hurbiltzea saihesteko.
Hilaren 29ra arte iraungo dute filmazio lanek Zumaian.