Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bati sexu-erasoa egin diote Ribaforadan
34 urteko ribaforadar bat atxilotu dute, erasoaren egilea delakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Foruzaingoak 34 urteko gizonezko ribaforadar bat atxilotu du berriki, emakume bati sexu-erasoa egin diolakoan. Atxilotuak lan eskaintza bat baliatu zuen, ustez, emakume bati sexu abusuak egiteko.
Foruzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez, emakumea lan eskaintza bat zela-eta, adineko pertsona bat zaintzera, joan zen Ribaforadara. Une batean lan eskaintza iragarri zuen pertsonak, ustez, sexu harremanak izatera behartu zion. Ondorioz, emakumeak Foruzaingora deitu zuen.
Tuterako polizia-etxeko foruzainak arduratu ziren emakumeaz. Gero, ustezko erasotzailearen etxera joan ziren eta, haren kontakizuna koherentea ez zela ebatzita, atxilotu egin zuten.
Emakumeari Tuterako Reina Sofia ospitalean azterketa egin zioten, baina emakumeak gertatutakoa ez salatzea erabaki zuen ondorioen beldur ei zelako. Gainera, etxebizitza finkorik ez zuenez tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeen zentrora eraman zuten.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.