Gizartea -
Altsasuko erasoa
Covitek Altsasuko bi inputatuak salatu ditu, terrorismoa egotzita
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak salaketa jarri du, ustezko bi delitugatik: terrorismoa eta gorrotoa.
Agentziak | Erredakzioa
Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak salaketa bat jarri du Auzitegi Nazionalean Altsasuko erasoengatik inputatutako bi lagunen kontra, bi delitu egotzita: terrorismoa eta gorrotoa.
Consuelo Ordóñez Coviteko presidenteak aurkeztu du idatzia epaitegietan. Bertan jasotzen denez, beste pertsona eta kolektibori ere dago zuzenduta salaketa, besteak beste "Ospa! Kolektiboari, @AltsasukoGA Twitter kontuko arduradunei eta erasoan eta Alde Hemendik kanpainan parte hartu ahal izan duten guztiei".
Covitek salaketan adierazi duenez, "jipoi basatia" izan zen unean Ospa! erakundeak ohar bat helarazi zien "ezker abertzalearen gertuko komunikabideei", "ustez gertaerak kontrastatzeko".
Gainera, egun horretan bertan Altsasun elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek, "Alde Hemendik lelodun pankartetan ETAren ohiko logoa agerian zela", Coviten hitzetan.
Alde Hemendik kanpainaren xedea "kaltetutako kolektiboak desmoralizatzea eta EAEtik eta Nafarroatik irten daitezen sustatzea" da, Coviteren hitzetan.