Gizartea -

Hezkuntza

LOMCEren azterketen kontra, lanuztea deitu dute urriaren 26rako

Ordubeteko lanuztean eta legearen kontrako protestetan parte hartzeko deia egin dute ELA eta Steilas sindikatuek eta EHIGE guraso elkarteak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LOMCEren azterketen kontra, urriaren 26rako deitu duten ordubeteko lanuztean parte hartzeko deia egin dute ELA eta Steilas sindikatuek eta EHIGE Euskal Herriko Guraso Elkarteak.

Lanuzteaz gain, elkarretaratzeak egingo dituzte eskola atarietan, eta arratsaldean manifestazioak egongo dira Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, eta eskualdeko herri nagusi batzuetan.

"LOMCEa aplikatzen ari dira"

Bi sindikatuek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon. ELAko Alain Garciak eta Steilaseko Ana Perezek irakurritako agirian, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak LOMCEren aurrean hartu duten jarrera kritikatu dute. Izan ere, bi gobernuak legearen kontra daudela esan dute maiz, baina Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Batxilergo 2. mailako azterketak egin egingo dituztela iragarri dute.

EAEren kasuan, Jaurlaritzak irailaren 23an kaleratu zuen azterketok arautzen dituen dekretua.

Alain Garciaren hitzetan, Jaurlaritzaren Heziberri hezkuntza programa "LOMCEaren babespean jaio zen, eta legearen hainbat ikuspuntu bere egiten ditu". Salatu duenez, Uriartek hauteskunde kanpainan esan zuen EAEn ez zirela azterketok egingo. Ildo beretik mintzatu da Steilaseko Ana Perez, eta gezurrak esateari uzteko eskatu dio Jaurlaritzari, "LOMCE aplikatzen ari dira", deitoratu du.

Sindikatuok adostutako hezkuntza eredu propio bat galdegin dute.

Deia gurasoei

EHIGE guraso elkarteak lanuzteekin eta protestekin bat egin du, eta hala egiteko eskatu die gurasoei ere.  .

Euskal Herriko Guraso Elkartearen esanetan, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergo tituluak lortzeko azterketak gainditu beharko dira, eta "gaur gaurkoz ez dakigu nolakoak izango diren, noiz eta nortzuk egingo dituzten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Langileen Alkartasuna Euskal Eskola Publikoa Gizartea albisteak Hezkuntza sistemako albisteak