Gizartea -

Nafarroa

13 urte eta erdiko zigorra, kamioilari bat hil zuen ertzainarentzat

Hilketa delitua onartu du agenteak, eta horregatik, aitortza aringarria ezarri diote.

Hilketa 2015eko ekainaren 4an gertatu zen. EiTB
13 urte eta erdiko zigorra onartu du kamioilari bat hil zuen ertzainak

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015eko ekainaren 4an A-15ean, Leitzan, kamioilari bat hil zuela aitortu du astelehen honetan hilketa horrengatik akusatutako ertzainak, eta 13 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra onartu du. Hilketa delitua egotzi diote, baina aitortza aringarria ezarrita.

Astelehen honetan hasi behar zen epaiketa, Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioan.

Hilketa 2015eko ekainaren 4an gertatu zen, A-15 errepidean, Leitza parean (Nafarroa). Fiskaltzak jasotako datuen arabera, akusatua Tievas herriko (Nafarroa) bere etxebizitzatik atera zen autoz Tolosako ertzain-etxera joateko. Irurtzun parean, 38 urteko kamioilari batekin eztabaidan hasi zen, zirkulazioko kontu bat tarteko.

Kamioilariak Leitzarako bidea hartu zuen, baina ertzaina segika zuela konturatu zen. Ibilgailua gelditu eta bertatik jaitsi zen. Gauza bera egin zuen agenteak ere. Une horretan, ertzainak "pistola hartu eta biktimaren burura zuzendu zuen, hura hiltzeko asmoz. Aurpegitik 50 cm baino gutxiagora tiro egin zion". Fiskalak 30 urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, hilketa delitua egotzita.

Defentsaren bertsioa

Bestelako eskakizuna zuen defentsak. Haren arabera, akusatuak uste izan zuen akusatuak "eraso" egingo ziola, "oso jarrera oldarkorra" baitzuen. Horren aurrean, "beste bihotzeko bat izango zuen beldur kontrolaezina izan zuen, eta nahasdura horretan, eta betiere bere burua defendatzeko asmoz," arma aldean zuela atera zen ibilgailutik.

Kamioilariaren "sorbaldaren eta buruaren artean dagoen angelu itsura" apuntatu zuen, hura beldurtu nahian. Uneren batean, baina, "armak ezustean tiro egin zuen" eta biktima harrapatu zuen bete-betean. Hala, defentsaren arabera, agenteari zuhurtziagabekeriazko hilketa larria delitua leporatu ahal zaio, hainbat salbueslerekin (nahasmendu psikikoa, defentsa legitimoa eta beldur gaindiezina).

Akusazioa

Auzian bi akusazio partikular zeuden. Batetik, hildakoaren bikotekidea ordezkatzen zuena —18 urteko kartzela zigorra eskatu zuen— eta biktimaren guraso eta bi anaiena —25 urteko espetxe zigorra galdegin zuten—.

Horrez gain, Zurich aseguru-etxea eta Eusko Jaurlaritza ere pertsonatuak zeuden auzian. Lehena, zuzeneko erantzukizun zibilagatik. Jaurlaritzak harekin du asegurua eginda, ertzainek suzko armak erabiltzeagatik sor daitezkeen erantzukizunei aurre egiteko. Jaurlaritzak erantzukizun zibil subsidiarioa zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak Nafarroa gaur Epaiketak albisteak Gizartea bideoak Albisteak