Gizartea -
Erasoa Nafarroan
Bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso diete Altsasun
Batek zauriak ditu hanka batean eta aurpegian, eta ebakuntza egin behar izan diote; beste hirurak, berriz, arin zauritu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Bi pertsona atxilotu dituzte goizaldean Altsasun, bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea egotzita. Poliziak aditzera eman duenez, 45 bat pertsonak parte hartu dute erasoan.
Larunbat goizaldean, 04:55ean, gertatu da erasoa, Koska tabernaren inguruan. Antza denez, agenteen aurka egin dute, guardia zibilak direla konturatu direnean.
Erasoaren ondorioz, agenteetako bati ebakuntza egin behar izan diote orkatila apurtu diotelako, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak baieztatu duenez. Gainerako hiru zaurituek, ostera, kolpe arinak jasan dituzte.
Nafarroako Gobernuak erasoa gaitzetsi du
Nafarroako Gobernuak eta estatu espainiarreko Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak ez ezik, UPN, Geroa Bai, PSN eta PP alderdiek salatu egin dute goizaldean Altsasun izandako erasoa.
Nafarroako Gobernuaren esanetan, "halako gertaerek ez dute tokirik gizarte demokratiko batean"; hortaz, "gure gaitzespena adierazi nahi dugu", "baita gure gertutasuna, elkartasuna eta babesa ere zaurituei". "Segituan errekupera daitezen opa diegu", esan dute. Uxue Barkos presidenteak ospitalean ingresatutako bi zaurituak bisitatu ditu, Fernando Dominguez Osasun-kontseilariarekin batera.