Gizartea -
Inkesta soziolinguistikoa
16 urtetik gorakoen % 33,9 euskaldunak dira, 1991n baino % 10 gehiago
Ezagutzak adin tarte guztietan egin du gora, baina batez ere 16tik 24ra bitartekoen artean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 16 urtetik gorako biztanleen % 33,9 euskaldunak dira, duela bost urte baino % 2 gehiago eta orain 25 urte baino % 10 gehiago. Hala eta guztiz ere, biztanleen % 30,6k hitz egiten dute euskaraz.
Bost urtean behin egin ohi den inkesta soziolinguistikoaren emaitzak aurkezten hasi dira. Gaur, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak VI. inkesta soziolinguistikoaren EAEko emaitzak aurkeztu ditu Donostian, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Institutuko zuzendari nagusia eta Mathieu Berge Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko presidentea alboan zituela. Izan ere, aurten, lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Iparraldeko erakundeen elkarlanean egin eta finantzatu dute inkesta hori.
Inkesta soziolinguistikoa egiteko 16 urte edo gehiagoko biztanleen unibertsoa hartu dute kontuan eta horretarako Euskal Autonomia Erkidegoan 4.200 galdetegi egin dituzte.
Euskararen ezagutzak adin tarte guztietan egin du gora, baina batez ere gazteen artean. Gaur egun, 16tik 24ra bitarteko EAEko herritarren % 71,4 euskaldunak dira; 1991n, % 25 ziren.
Hala eta guztiz ere, lurraldeen arteko "ezberdintasun nabariak" daudela egiaztatu du inkesta soziolinguistikoak: Gipuzkoan, herritarren % 50,6 euskalduna da; Bizkaian, herritarren % 27,6 eta Araban, herritarren % 19,2.
Hizkuntzaren ezagutzak gora egiteaz gain, euskararen aldeko jarrera eta erabilera ere hazi egin dira. Euskararekiko jarrerari dagokionez, biztanleen % 65 euskara sustatzearen alde daude, 1991n baino % 10 gehiago eta 2011n baino % 3 gehiago. Aitzitik, geroz eta gutxiago dira kontra daudenak: 1991n % 14, 2011n % 12 eta 2016an % 9,3. Euskararen erabilerari erreparatuta, berriz, ia zortzi puntu hazi da gizarteko alor guztietan, eta Patxi Baztarrikak etxe barruko erabileran izandako hazkundea nabarmendu du.
Bestalde, gaur aurkeztutako datuak Euskal Autonomia Erkidegokoari dagozkionak dira eta datozen hilabeteotan ezagutuko dira Nafarroako eta Iparraldeko datuak.