Gizartea -
NAFARROA OINEZ
Mugarria izan nahi duen festa, abian
'Gaur jasotako diruarekin aspaldian arrastaka daramazkigun maileguak arintzea da helburua, egunerokoa errazteko', esan du Maite Otero Vianako Erentzun ikastolako zuzendariak
EITB.EUS
Abian da Lodosan eta Vianan Nafarroako ikastolen jaia. Aurtengo Nafarroa Oinez "historikoa" izatea nahi dute, eta horretarako laguntza eskatu diote gizarteari.
Maite Otero Vianako Erentzun ikastolako zuzendariak festan parte hartzeko gonbitea egin du, Euskal Irratian egin dioten elkarrizketan. "Oso ibilbide polita prestatu dugu, Viana oso inguratzen duena. Herriaz gozatzeko aukera izango da, hiru kilometroko ibilbidean. Gaur jasotako diruarekin aspaldian arrastaka daramazkigun maileguak arintzea da helburua, egunerokoa errazteko", esan du.
"Gure Oinez historikoa da, eta beharrezkoa bestalde. Guretzat behar-beharrezkoa den Oinez baten aurrean aurkitzen gara, ezinbestekoa, gure proiektua sendotzeko klabea dena, eta hori transmititu nahi dugu gizarteari", adierazi dute antolatzaileek.
'Hartu, tenka, tira!' leloa du aurten jaiak, eta soka (euskararena), ikur. Jaia 10:0etan abiatuko da, omenaldi banarekin. Vianan, Erentzun ikastolan, Bigaren Hezkuntza egiteko ikastola utzi zuen lehen belaunaldia (1994-1995) belaunaldia omenduko dute.
Ibaialde ikastolak, berriz, aurten jauzi hori egingo duten ikasleak omenduko dituzte. "Aurtengoa oso promozio berezia izan da, ikasturtea bezala. Ikastolako etorkizunaren sinbolo bihurtu nahi ditugu", azaldu dute bertako arduradunek.
Nola heldu
Aurrekoetan bezala, Vianara garraio publikoz hurbiltzea gomendatu dute. Hala, autobusentzat aparkalekua paratuko dute hirugarren gunean. Autokarabanak bigarren gunetik gertu dagoen eremuan utzi ahalko dira.
Donostiatik, Iruñetik edota Tafallatik A-12tik doazen autoak Los Arcosen atera beharko dira (58. irteera) eta NA-1110 errepidea hartu (Torres del Rios). Hauek ere bigarren gunetik hurbil dagoen aparkalekua izango dute.
Gasteiztik eta Araba iparraldetik doazenenek lehen guneko aparkalekua izango dute. Bilbotik, Bizkaitik eta Araba hegoaldetik heldutakoek, laugarren guneko aparkalekua edukiko dute.
Horrez gain, eraso sexistei aurre egiteko kanpaina, eta alkohola neurriz hartzeko beste bat jarri dituzte martxan iganderako.
Kontzertuak
Egitarauari dagokionez, inguru horretako taldeak izango dira oholtza gainean. Besteak beste, Bolbora (Lizarra), Kometa (Viana), Lizarrako gaiteroak, Vianako Gazte Berri txaranga, Andosillako txirrindulariak, Lodosako dantzariak, Vianako erraldoi eta buruhandiak, Lodosako korua eta Asier Apesteguia dj-a.
Horrez gain, talde hauen kontzertuak daude aurreikusita: Enkore, Izaki Gardenak, E.T.S, Trikidantz, Chuchin Ibañez eta Oihan Vega dj-a.