Gizartea -
Polizia operazioa
Bi ustezko jihadista atxilotu dituzte Donostian eta Gijonen
Donostiako atxilotuaren etxebizitzaren miaketa arratsaldeko 17:30etan bukatu da. Miaketan ustezko jihadista Poliziarekin izan da etxebizitzaren barruan.
EITB.EUS
Espainiako Poliziak bi ustezko jihadista atxilotu ditu Donostian (Gipuzkoa) eta Gijonen (Asturias) "erakunde terroristaren propaganda eta erakartze sarean funtsezkoak" direlakoan.
Espainiako Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez, bi gizonek Estatu Islamikoaren (ISIS) "propaganda" egiten zuten sare sozialetan, "jarraitzaileak doktrinatu", jihadismoaren "ideologia goratu" eta kide berriak erakartzeko asmoz.
Donostian atzemandakoa marokoarra da jaiotzez, baina Gipuzkoako hiriburuan bizi da legezko egoeran. Gijongo atxilotua ere marokoarra da jaiotzez, baina Espainiako nazionalitatea du.
Ministerioaren hitzetan, biak "ISISen kide ziren, euren borondatez", eta horren berri ematen zuten sare sozialetan ere. Asturiasen atxilotutako gizonak "Kalifa-herriari eta Abu Baker Al Bagdadi kalifari leialtasuna agindu" zien sare sozialetan, eta bere jarraitzaileei ere hala egiteko eskatzen zien.
Bi ustezko kideen jarduera oso antzekoa zen, baina berezitasunak zituzten gainerako jarraitzaileekin harremanak izaterakoan.
Jihadistak erakartzeko sarea Gipuzkoan
Interneten aritzeaz gain, Gipuzkoan ezarritako "muturreko jihadistekin zuzeneko harremana zuen" Donostian atxilo hartutako gizonak. Gizarte bazterketa zorian zeudenen artean jarraitzaile berriak erakartzen eta erradikal bihurtzen zituen.
Donostian atxilotutako gizona Lugaritz kaleko 133. zenbakia duen eraikinean bizi zen. Arratsaldeko 17:30etan bukatu da etxebizitzaren miaketa.
Asturiasen atzemandakoa batez ere sare sozialetan ibiltzen zen. Sarean "propaganda egiteko sare garrantzitsu eta antolatu bat" zuen Gijongo etxean. Horrez gain, komunikazioetarako hainbat gailu zituen, babes-neurri zorrotzez hornitutakoak. Hala, sakelako birtualak erabiltzen zituen (nortasuna jakinarazi barik mezuak bidaltzeko aukera ematen duten telefonia zerbitzuak) Estatu Islamikoaren beste ustezko kideekin harremanetan jartzeko.
Operazioa zabalik dago oraindik.
2015eko ekainetik, 150 ustezko jihadista atxilotu dituzte Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrek: 120, Estatuan bertan, eta 30, beste herrialde batzuetan.