Gizartea -
Salaketa
Poliziak Sarasaten egindako lana gainbegiratuko du Iruñeko Udalak
Sindikatuek Udalaren jarrera kritikatu eta aurrerantzean antzeko kasuei aurre egiteko protokolo berri baten alde egin dute.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Udalak "kezka" erakutsi du atzo Sarasate Pasealekuan okupatutako eraikin bat hustean udaltzainek ustez gehiegizko indarra erabili zutela eta jasotako salaketengatik.
"Gertatutakoa hartzen ari den traza eta jasotako salaketak kontuan izanik, Udalak iragarri du sakon aztertuko duela zer jazo zen. Operatiboaren analisia eta balorazioa ere" egingo duela baieztatu du ohar batean.
ELA sindikatuaren arabera, larunbateko polizia operazioa eta udalaren politika berria “bateraezinak” dira guztiz.
Aurrerantzean, antzeko kasuei erantzun egoki bat emateko protokolo berri bat egin behar dela adierazi dute sindikatutik.
SIPNA-FEPOL sindikatuak bere aldetik, polizia operazioan parte hartu zuten agenteak babestu nahi izan ditu. Sindikatuaren arabera, atxilotutakoek biolentzia bortitzarekin erantzun zuten. “Udal gobernuak bere ardurak onartu behar ditu interbentzioa azkarregi egiteagatik”, gaineratu dute.
Polizia operazioari dagokionez, agenteek egindako lana egokia izan zela uste dute. “Proportzionaltasun printzipioa guztiz errespetatu zen”, azpimarratu dute, “atxilotutakoek gehiegizko biolentzia erabili zutelako”. Polizia operazioan 12 agente zauritu ziren.