Gizartea -
Sexu-erasoak
Espetxean jarraituko dute sanferminetako bortxaketaren bost akusatuek
Autoan, magistratuak adierazi du ''ageriko antzekotasunak'' daudela maiatzean Kordoban gertatutakoaren eta Iruñean bi hilabete ondoren izandako erasoaren artean.
Agentziak | Erredakzioa
2016ko sanferminetan 18 urteko neska bortxatzeagatik auzipetutako bost gizonak espetxean mantentzea erabaki du epaileak. Fidantzarik gabeko behin behineko espetxealdian daude akusatuak.
Ebazpenean jasotzen denez, Iruneko 4. Instrukzio epaitegiak atzera bota du auzipetuetako batek (A. M. G. E) aurkeztutako helegitea. Hain zuzen ere, joan den irailaren 23an akusatuak aske uztearen kontra kaleratutako ebazpenari jarritako helegitea da orain onartu ez dena. Gaurko erabakiaren kontra errekurtsoa jarri daiteke.
Ebazpenean, epaileak dio ''ageriko antzekotasunak'' daudela maiatzean Kordoban gertatutakoaren eta Iruñean bi hilabete ondoren izandako erasoaren artean.
Horren harian, ''alkohola edaten den jai-giroa bilatzea, biktima gaztea aukeratzea, taldearen parte-hartzea eta biktimarekiko mesprezua eta umiliazioa'' aipatzen ditu, ''jarduera grabatzea helburu nagusienetako bat izanda''.
Iruñean salatutako erasoen inguruan, epaileak nabarmendu du biktimaren deklarazioa ''sendoa, koherentea eta sinesgarria'' dela,
Halaber, auzipetutakoen kasuan kontraesanak aipatu ditu.
Biktimaren jarrerarekiko, epaileak adierazi du ''emakumea uneoro dagoela begiak itxita eta ez dagola inolako elkarrizketarik edo hitz-trukerik'', auzipetutakoen adierazpenaren kontra, horien hitzetan emakumeak zuzentzen baitzituen harremanak.