Gizartea -
Luxuzko ontzi bat, Euskadin
'A' ontzia, Getxon
Pasaian egun batzuk igaro ostean, Andrey Melnichenko errusiarraren ontzitzarra Bizkaiko portura heldu da bart.
Agentziak | Erredakzioa
Pasaiatik Getxora. Andrey Melnichenko aberats errusiarraren 'A' luxuzko ontzia Bizkaiko portuan dago atzo gauetik. Luxu handiko 10 ontzi garestienetako bat da.
Getxoko kirol portura goizean hurbildu direnek I kaian atrakatuta ikusi dute, eta batzuek argazkiak egin dizkiote.
119 metro luze eta 19 metro zabal da, eta 300 milioi dolarreko prezioan jarri dute salgai.
Itsasontziak 2.200 metro koadroko azalera du, eta 240 metroko koadroko kamarote nagusia, 14 gonbidaturentzako sei kamarote eta tripulazioko 42 kideentzako tokia du barruan.
Luxuz gainezka
Kamarote eta logelez gain, beste hauek ere baditu: brankan, igerileku bat eta heliportu bat; popan, bi igerileku; beheko kubiertan, diskoteka bat, eta egongela nagusian, jacuzzia.
Segurtasunari dagokionez, balen aurkako kristalak, 40 segurtasun kamera, mugimendua atzematen duten sentsoreak, eta hatz-marken bidez identifikatzeko sistema ditu. Urtean 20 milioi dolar inguru behar dira ontzia mantentzeko lanetarako, eta 400.000 euro behar dira erregai-depositua betetzeko.
Bestalde, 23 korapiloko abiadura har dezake, eta 12 korapiloko abiaduran 6.500 itsas milia egiteko autonomia du (12.000 kilometro inguru).
Philippe Starck frantziarrak diseinaturiko ontzia da, eta urpeko ontzi batean inspiratuta dago. 2008an uretaratu zuten, eta jabearen emaztearen omenez jarri omen zioten "A" izena, Aleksandra baitu izena.
Ezin jakin Melnichenko bera eta haren emaztea ontzi barruan ote dauden. Forbes aldizkariaren arabera, Europako aberats gazteenetako bat da errusiarra, 44 urte baititu.