Gizartea -
Agiria
Enrich eta Luna Eibarko jokalariek barkamena eskatu dute bideoagatik
Futbolariek penagarritzat jo dute bideo hori argitaratu izanak "gure irudiari, baina, gehienbat, klubaren irudiari kalte" egin izana eta "zaleak eta, oro har, Eibar hiria iraindu" izana.
agentziak | erredakzioa
Sergi Enrich eta Antonio Luna Eibar futbol taldeko jokalariek barkamena eskatu dute, biak emakume batekin batera agertzen diren bideo bat sare sozialetan lau haizeetara zabaldu delako.
Enrichen Twitter kontuan zabaldutako agiri baten bidez, futbolariek penagarritzat jo dute bideo hori argitaratu izanak "gure irudiari, baina, gehienbat, klubaren irudiari kalte" egin izana eta "zaleak eta, oro har, Eibar hiria iraindu" izana.
Bertan zabaldu dutenez, biak jakitun dira "futbolari profesionalek eredu izan behar dutela orokorrean, baina umeentzat bereziki", eta, hori dela eta, "barkamena eskatu" dute "gertaera honek norbait iraindu badu".
Era berean, bideoak bertan agertzen den "emakumeari egin lekiokeen kalteagatik" ere eskatu dute barkamena.
Jokalariek esan dutenez, "sexu edukia" duen bideoa "ekitaldi pribatu eta intimo baten grabazioa da, pertsona helduen artean egindakoa, denon oniritziarekin eta askatasunaren barruan".
Halaber, oso tamalgarritzat jo dute eurek egin ez duten "arinkeria" baten ondorioz "irudiok argitara eman izana, baimenik gabe eta jakitun izan gabe".
Azkenik, "hiri eta zale eredugarri batzuk" ordezkatzen dituen "klub eredugarri bateko futbolari gisa", Eibarrera heldu direnetik transmititu dizkieten balioei eutsiko dietela azpimarratu dute, eta gertakari honek "klubaren irudiari kalterik ez egitea" espero dutela gaineratu dute.