Gizartea -
Sanferminetako bortxaketa
Auzipetutako bi gazteren abokatuak uko egin dio horiek defendatzeari
Carmen Sala abokatuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, gainerako abokatuekin desadostasun handiak ditu auzipetutako gazteen defentsa prestatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Sanferminetan neska gazte bat taldean bortxatzea egotzita auzipetu dituzten bost gizonetako biren abokatuak uko egin dio horiek defendatzeari. Carmen Sala abokatuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, gainerako abokatuekin desadostasun handiak ditu auzipetutako gazteen defentsa prestatzeko.
Halaber, auzipetutako gazteen abokatuekin sortu diren desadostasun horiek ez dutela atzera bueltarik azpimarratu du Sala abokatuak.
Alde horretatik, gainerako abokatuak hedabideetan agerraldiak egiten ari dira etengabe, eta horrekin ez datorrela bat esan du, horrek “epaiketa paraleloa” egitea baitakar. Salaren ustez, horrek ez die inolako mesederik egiten auzipetuei.
“Uste dut abokatu batek epaitegi batean egin behar duela lan, eta gure bezeroentzat ez denez bat ere komenigarria bi defentsa desberdin izatea, hoberena da gainerako abokatuei lan egiten uztea”, esan du.
A.B.F. eta J.E.D. akusatuen abokatuak astearte honetan iragarri du uko egin diola horiek defendatzeari, epaileak auzipetutako bost gizonetako lauri beste eraso matxista bat egotzi dien egun berean, hain zuzen. Antza denez, maiatzean, 21 urteko neska bati eraso zioten, Kordoban.
Auzipetuek telefono mugikor batekin grabatu zuten bortxaketa hura, eta grabatu zituzten bi bideoetako bat txat batean partekatu zuten. Epailearen arabera, "biktima konorterik gabe uzteko substantziak erabili zituzten zantzu ugari daude".
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.