Gizartea -
Saria
Thoulessek, Haldanek eta Kosterlitzek eskuratu dute Fisikako Nobela
"Materia exotikoaren sekretuak" argitzeagatik saritu ditu Suediako akademiak.
Agentziak | Erredakzioa
David Thouless, Duncan Haldane eta Michael Kosterlitz zientzialari britaniarrek eskuratu dute aurtengo Fisikako Nobela, Suediako Zientzien Akademiak jakinarazi duenez.
Materiaren fase ezohikoak ikertu dituzte hirurek, "materia exotikoaren sekretuak" argituta. Zehazki, fase-trantsizio topologikoak eta materiaren fase topologikoak aztertu dituzte.
Thouless eta Kosterlitzek 1970ko hamarkadan egin zituzten esperimentuek bidea zabaldu zuten, eta gerora (1980ko hamarkadan) heldu ziren Haldanek egindakoak. Hirurek metodo matematiko aurreratuak erabili zituen supereroaleak, superjariakinak eta materiaren bestelako fase ezohikoak aztertzeko.
Ikerketaren emaitzek aplikazio interesgarriak izan ditzakeela uste dute, besteak beste, material berriak sortzeko.