Gizartea -

Saria

Medikuntzako Nobel saria, Yoshinori Ohsumirentzat

Autofagiaren mekanismoa —zelulak bere osagaiak desegin eta berrerabiltzeko prozesua— atzemateagatik saritu dute japoniarra.

Yoshinori Ohsumi, 2016ko Medikuntzako Nobel Saria

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yoshinori Ohsumi Japoniako zientzialariak jaso du aurtengo Medikuntzako Nobela, Karolinska Institutuak jakinarazi duenez. Autofagiaren mekanismoa atzeman zuen Ohsumik, eta horregatik saritu dute. Zelulak bere osagaiak desegin eta berrerabiltzeko prozesuari deritzo autofagia.

Ohsumi 1945ean jaio zen, Fukuokan (Japonia). Tokioko Unibertsitatean egin zuen doktore-tesia (1974), eta hiru urte eman zituen New Yorkeko Rockefeller Unibertsitatean. Japoniara itzuli ondoren (1988), ikerketa taldea sortu zuen Tokioko Unibertsitatean bertan. 2009tik, Teknologia Institutuko irakaslea da.

1960ko hamarkadan sortu zen "autofagia" kontzeptua. Hainbat zientzialarik egiaztatu zutenez, zelulak bere osagaiak desegin ahal ditu, mintzetan sartuta, eta horrela sortzen diren besikulak lisosomara bidaltzen ditu, bertan birziklatuz desegiteko.

Prozedura hau ikertzeko zailtasun ugari izan ziren ordutik, 1990eko hamarkadan Ohsumi mekanismoa azaltzeko gai izan zen arte. Legamiarekin egindako esperimentu batzuei esker utzi zuen agerian zelulek egiten duten lana.

Zelulek euren osagaiak berrerabiltzeko duten gaitasuna ulertzeko paradigma berria ekarri zuen Ohsumik egindako aurkikuntzak.

Autofagiaren mekanismoarekin lotutako geneen mutazioek, berriz, minbizia edo gaixotasun neurologikoak ekar ditzakete.

 

Aurkikuntzaren garrantzia

Giza zelulen oinarrizko mekanismoa da autofagia. Ohsumik eta haren jarraitzaileek egindako ikerketei esker gerora jakin denez, zelulen osagaiak birziklatzeko energia sortzen da autofagia mekanismoarekin, eta, hala, ahuleria edo beste estres mota batzuei aurre egiteko ezinbestekoa da. Infekzio bat izan ostean, bakterioak eta zelula barneko birusak deuseztatzeko gai da autofagia, baita kaltetutako proteinak eta organoak ere. Kalitate-kontrol moduko bat dela esan daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nobel sariak 2024 Gizartea albisteak Albisteak Zientzia albisteak Sendagileen albisteak