Gizartea -
KILOMETROAK 2016
'Demasa' lelopean, milaka euskaltzale batu dira gaur Bergaran
Kilometroak 2016 festan bildutako dirua Aranzadi ikastolako eraikinaren obra egiteko eskatutako mailegua ordaintzeko erabiliko dute.
EITB.EUS
Milaka euskaltzale elkartuko dira gaur Bergaran ospatzen ari diren Kilometroak festan. Aurten Bergarako Aranzadi ikastolak izan du Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia antolatzeko ardura. "Demasa (izango da!)" leloa aukeratu dute, "bergararrek prestatu dutena demasa baita!".
Aurten Kilometroak jaian bildutako dirua Aranzadi ikastolak 2010ean eraikinaren obra egiteko eskatutako mailegua ordaintzeko erabiliko dute.
EGITARAUA:
Bi zirkuitutan eta bost gunetan banatuta, adin guztietako euskaltzaleei zuzendutako jarduerak prestatu dituzte bisitarientzat.
Ibilbideetako bat oso urbanoa da: ia 5 kilometro ditu eta gurpildun aulkian ere egiteko modukoa da. Bigarren bidea, berriz, alternatiboa izango da, aldapatsuagoa, eta mendi bideetatik barrena igaroko da.
Antolatzaileen esanetan, egitaraua "zabala eta anitza da, egin ahal izan den osoena", eta publiko orok aurkituko du berarentzako moduko eskaintza. Ohi bezala, musika kontzertuek beteko dute egitarauaren zatirik handiena, baina dantza eta kirol erakustaldiak eta haurrentzako ekitaldiak ere izango dira. Kontzertuen atalean, azpimarratzekoa da Doctor Deseo taldeak euskara hutsezko errepertorioa eskainiko duela lehen aldiz. Ekitaldiak antolatzerakoan, haur eta gazteen iritziak eta herriko hainbat eragileren ekarpenak hartu dituzte kontuan.
NOLA IRITSI?
Bergarara joan nahi duzuenok, oraindik aukera duzue!
Autobusez
Horretarako, Lurraldebusek eta PESAk joan-etorrien beharretara egokitu dute autobusen zerbitzu-eskaintza: Debagoienako DG03, DG04 eta DG05 lineatako zerbitzuak lanegunetako ordutegiarekin ibiliko dira; DG08 Oñati-Eibar eta DG07 Donostia-Arrasate ibilbideetan, orduan behin izango dira autobusak, eta DG01 Bilbo-Bergara linea ere indartuko dute igandean, normalean baino autobus gehiago jarrita.
Halaber, autobus-zerbitzuak antolatuko dira Eibartik eta Zumarragatik Bergarara joateko, bi herri horietara trenez (Euskotren zein RENFE) bertaratzen diren bidaiariak eramateko.
Bergaran, autobusek geldialdi bakarra egingo dute, Ibargarain (autobus-geltokia), hain zuzen ere.
Donostiatik, Zarauztik, Bilbotik edo Gasteiztik Bergarara joanez gero, txartelak aurretiaz erostea gomendatu dute, txarteldegietan, salmenta-makina automatikoetan zein Interneten.
Autoz
Alabaina, Bergarara autoz joatea erabakitzen dutenek horiek uzteko aparkalekuak izango dituzte Amillaga, Antxiturri eta San Lorentzo industrialdeetan. Horiek betez gero, Larramendikoa erabiliko litzateke, eta zirkuitura autobusez joan.
Trafiko-eraginak, Bergaran
Kilometroak jaiak Bergara barruko trafikoari ere eragingo dio. Bergarako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, herrirako sarrera guztiak itxita egongo dira 20:00ak arte, GI-632 errepidetik datorren Antzuola aldeko sarrera (Urteaga kalea) izan ezik.
EGURALDIA
Eguraldiak hodeitsu jarraituko du; orduak pasa ahala saretuz joango da eta baliteke arratsaldearen amaieran tarteka eguzkitsu egotea han. Lainotuta egon arren, ateri eutsiko dio. Tenperatura maximoek gora egingo dute eta 20ºC ingurukoak izango dira. Arratsaldean ipar-ekialdeko haize bizia ibiliko da.