Gizartea -

Gipuzkoako ikastolen jaia

Kilometroak jaiaren 40. ekitaldia ospatuko dute igandean, Bergaran

Kilometroak 2016an bildutako dirua Aranzadi ikastolako eraikinaren obra egiteko eskatutako mailegua ordaintzeko erabiliko da.

Kilometroak 2016ko logoa.
Kilometroak 2016ko logoa.
Kilometroak 2016: ''Demasa''

4:44

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kilometroak jaiaren 40. ekitaldia izango da urriko lehen igandean, hilaren 2an, eta aurten Bergarako Aranzadi ikastolak izan du Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia antolatzeko ardura. "Demasa (izango da!)" leloa aukeratu dute, eta antolatzaileek Bergarara joateko deia egin dute "bergararrek prestatu dutena demasa izango baita!".

Aurten Kilometroak festan bildutako dirua Aranzadi ikastolak 2010ean eraikinaren obra egiteko eskatutako mailegua ordaintzeko erabiliko da.

Aurten, berritasun gisara, bi zirkuitu izango dira. Zirkuituetako bat oso urbanoa da: ia 5 kilometro ditu eta gurpildun aulkian ere egiteko modukoa da. Bigarren zirkuitua, berriz, alternatiboa izango da, aldapatsuagoa, eta mendi bideetatik barrena igaroko da.

Antolatzaileen esanetan, egitaraua "zabala eta askotarikoa da, egin ahal izan den osoena", eta publiko mota bakoitzak aurkituko du berarentzako moduko eskaintza. Ohi bezala, musika kontzertuek beteko dute egitarauaren zatirik handiena, baina dantza eta kirol erakustaldiak eta haurrentzako ekitaldiak ere izango dira. Kontzertuen atalean, azpimarratzekoa da Doctor Deseo taldeak euskara hutsezko errepertorioa eskainiko duela lehen aldiz. Egitaraua osatzerakoan, haur eta gazteen iritziak eta herriko hainbat eragileren ekarpenak hartu dituzte kontuan.

 

Kilometroak 2016, Bergara, egitaraua

Kilometroak 2016, Bergara, egitaraua

 

Bergarara joateko, garraio publikoa (aldiriko autobus edo tren zerbitzua edo autobus antolatuak) erabiltzeko gomendatu dute antolatzaileek. Lurraldebusek autobus zerbitzuak indartu ditu egun horretarako, eta ordutegiak aurretik bere webean kontsultatzeko gomendatu dute. Gainera, Bergarara bizikletaz, bidegorri sarea erabiliz, joateko deia egin diete inguruko herrietakoei.

Kilometroak jaiaren etorkizunari buruzko gogoeta

Gipuzkoako ikastolek Kilometroak jaiaren inguruko hausnarketa prozesua abiatu dute, Kilometroak bidea izenburupean. Prozesuak 3-4 urte iraungo du, eta festa berrasmatzea izango du helburu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Kilometroak albisteak Gipuzkoa Gizartea Bergara Eguneko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak