Gizartea -
Batxilergoa
EAEk banakako ebaluazioaren jarraipena egingo du ‘errebalida’ren ordez
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu duen dekretu berriak ez du Batxilergoko 'errebalida'rik aurreikusten. Horren ordez, banakako jarraipenean oinarritutako ebaluazioa jarriko lukete.
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral honetan argitaratu duen dekretuaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak joan den irailaren 6an Eusko Jaurlaritzak onartutako erabakiaren berri eman du. Euskal Autonomia Erkidegorako Batxilergoko curriculuma arautzen duen dekretuak ez du Batxilergoan “errebalida” azterketarik aurreikusten hurrengo ikasturtean. Horren ordez, banakako jarraipenean oinarritutako ebaluazio-sistema bat ezarriko dute batxilergoaren amaieran, ikasleek bereganatu dituzten ezagutzak frogatzeko asmoz.
Lomce legearen arabera, DBHko eta Batxilergoko azken ikasturteko ikasleek “errebalida” azterketa gainditu behar izango dute 2016-2017 ikasturtearen amaieran. Legearen arabera, azterketa hori gainditzea beharrezkoa da ikasleek DBHko eta batxilergoko tituluak eskuratu ahal izateko. Hala, unibertsitateetan matrikulatu ahal izateko funtsezko baldintza izango litzateke hurrengo ikasturtetik aurrera (2017-2018).
Dena den, EAEko Batxilergoko curriculuma arautzen duen dekretuaren arabera, ez du horren inguruko aipamenik egiten. Alde horretatik, batxilergoko bigarren maila amaitzen duten ikasleei banakako jarraipenean oinarritutako ebaluazio-sistema ezarriko dietela zehazten du dekretuak, ikasleek bereganatu dituzten ezagutzak frogatzeko.
Gainera, batxiler-titulua eskuratu ahal izateko, amaierako ebaluazio hori gainditu behar dela aurreikusten du dekretuak, eta Batxilergoaren amaieran hamarretik bost edo gehiagoko kalifikazioa ezinbestekoa izango da.
Orain arte Euskal Autonomia Erkidegorako Batxilergoko curriculuma arautzen zuen dekretua 2009an onartu zuten. Horren arabera, batxiler-titulua eskuratzeko Batxilergoko bi mailetako ikasgai guztietan ebaluazio positiboa eskuratzea beharrezkoa zen.
Halaber, ikasleen espediente akademikoak bete eta zaindu direla ikuskatu beharko du Hezkuntza-ikuskaritzak. Gainera, ikasleen ebaluazioaren emaitzak eta ikasleen aurrerabide akademikoari buruzko erabakiak jasoko dituzte ikastetxeetako zuzendariekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu duen dekretuaren arabera.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak behin baino gehiagotan argi utzi du Eusko Jaurlaritza “errebaliden” kontra dagoela, Lomce legean jasotzen denez, proba horiek Espainiako Ministerioak prestatu behar baititu.
Ildo horretatik, EAEk ez du Batxilergoan "errebalida" azterketarik egingo hurrengo ikasturtean, eta unibertsitateekin adostutako "selektibitate" probari eutsiko dio. Hurrengo ikasturteari begira, ebaluazio sistema propioa prestatzen ari direla esan du Uriartek, Lomce legeak sortutako ziurgabetasuna bada ere.