Gizartea -
Bahitu ostean hil zuten
Mexiko: 'Maria Villarren familiak negoziatutako dirutza ordaindu zuen'
Mexikoko Delinkuentzia Antolatua Ikertzeko Prokuradoretzaren buruaren esanetan, "ez zen negoziazioan akatsik egon".
Agentziak | Erredakzioa
Maria Villar Galaz askatzeko "negoziazioan ez zen akatsik egon"; irmo mintzatu da Gustavo Salas Mexikoko Delinkuentzia Antolatua Ikertzeko Prokuradoretzaren burua. Bahiketa espres baten biktima izan, eta bi egunera hil zuten Getxoko emakumearen auziaren harira hainbat argibide eman ditu Salasek. Haren hitzetan, familiak negoziatutako dirutza ordaindu zuen.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, bahiketaren lehen uneak nola izan ziren azaldu du. "Biktima askatzeko lehen diru eskaerak jaso zituenean, familiak Polizia Federalaren laguntza eskatzea erabaki zuen".
"Negoziazioan ez zen akatsik izan. Ezarritako protokoloak bete ziren, eta negoziazioaren ostean, dirutza jakin bat adostu zen. Familiak ordaindu egin zuen. Dena den, ikerketaren datuak dira horiek, datu zehatzak gorde nahiko nituzke", esan du.
Salasek nabarmendu duenez, Villarrekin hitz egiteko aukera izan zuten senitartekoek. Gerora, baina, "adostutakoa urratu, eta bahitzaileek ez zuten biktima aske utzi". Une horretatik aurrera ez zen bi aldeen artean harremanik izan. Hori horrela, familiak Mexikoko Delinkuentzia Antolatua Ikertzeko Produradoretzara jo zuen "salaketa aurkeztera; baina ordurako gorpua topatu genuen", deitoratu du Salasek.
Salas, kazetarien aurrean. EFE
Bahitzaileen profila
Villar bahitu eta hil zuten gaizkileen "profila" badutela argitu du Salasek prentsaurrekoan. Haren esanetan, talde horrek ez ditu atzerritarrak bakarrik jomuga.
"Badugu bahiketan parte hartu zuen taldearen profila. Mexiko Estatuko eta Mexiko Hiriko agintariekin elkarlanean ari gara", esan du.
Maria Villar Galaz (39 urte) Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioaren presidente eta, orain dela gutxira arte, UEFAren jarduneko presidente izan denaren loba da. Jaiotzez getxoztarra, duela bi urte bizi zen Mexikon, eta IBMrentzat egiten zuen lan. Haren gorpua Santiago Tianguistenco herrian topatu zuten, eskuak eta hankak lotuta eta buruan poltsa bat zuela. Bi egun lehenago bahitu zuten, Santa Fetik etxera joateko taxi bat hartu zuenean.