Ekonomia -

Aurrezteko Plana

Osakidetzak ahal dela generikoak agintzeko eskatu die medikuei

Rafael Bengoa Osasun sailburuak Osasun alorreko gastuak murrizteko planaren baitan iragarritako neurrietako bat da. Horrekin sei milioi euro aurreztea espero dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila eskutitzak igortzen ari zaie medikuei sendagai batzuen kasuan generikoak agin ditzaten, sei milioi euro aurrezteko helburuarekin. Generikoa errezetatzen ez badu, medikuak arrazoitu egin beharko du txosten baten bitartez.

Rafael Bengoa Osasun sailburuak azalpenak eman ditu, PPk eskatuta, Osasun Alorreko Gastuak Murrizteko Planaren inguruan. Ez du aurrezteko asmoa duten diru kopuru osoaren berri eman.

Bengoak ez du esan, ezta ere, zenbat sendagai ordezkatu beharko dituzten generikoekin.

Sailburuak azaldu duenez, osasunean azken urteotan egin duten gastu publikoak erritmo berean hazten jarraitzen badu, 15 urte barru EAEko aurrekontuaren erdia jango du.

Plan horretan ez dute aurreikusi diru-sarrera handiak dituztenei errezetaren zati bat ordaintzera behartzea, oraindik aztertzen ari direlako. Bengoak berretsi du ez dela zilegi "baliabideak" dituen jendeak finantziazioan ez parte hartzea.

Sailburuak aurreratu du farmazian bakarrik 33 edo 34 milioi euro aurreztuko dituztela; 2009ko azken hiruhilekoan 15 milioitik gora aurreztu zituzten.

Giza baliabideei dagokienez, neurriak hartuko dituzte absentismoa murrizteko, lekualdatzeen lehiaketak sustatuko dituzte eta "on line" ikastaroak sortuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea