Gizartea -

Donostia

Sexua proposatu dio gizon bati, urrezko erloju bat lapurtzeko

Lapurreta saiakera eta lesioak egitea egotzita, urtebeteko kartzela-zigorra eta isuna ezarri dizkiote emakumeari.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soinean zeraman urrezko erlojua osteko asmoz gizon bati sexu-harremanak proposatu zizkion emakume bati urtebeteko kartzela-zigorra eta 60 euroko isuna ezarri dizkiote, lapurreta saiakera eta lesioak egitea egotzita.

Epaia gaur eman dute jakitera. Horren arabera, gertakariak duela bi urte, 2014ko azaroaren 3an, jazo ziren, Donostian. Akusatua Satrustegi etorbidetik zihoan gizon batengana hurbildu zen "musu bat emateko" eta "sexu harremanak edukitzea proposatzeko".

Gizonak, ordea, proposamenari uko egin eta "baketan uzteko" eskatu zion. Erantzuna entzutean, emakumea "oldartu" egin zitzaion, eta aldean zeraman urrezko erlojua kendu zion, "ezkerreko eskumuturraren barrualdean atzamarka eginda". 

Lanetik kanpo baina inguru horretan zebilen ertzain batek atxilotu zuen emakumea, gizonak ohartarazita atzetik joan baitzitzaion. Ostutako erlojua ere topatu zuen agenteak, emakumeak lurrera bota baitzuen, harekin harrapa ez zezaten.

Epaiketan, Fiskaltzak eskatutako zigorra onartu du emakumeak, eta urtebeteko kartzela-zigorra eta 60 euroko isuna ezarri dizkiote. Azkenean, baina, kartzela-zigorraren ordez, 1.460 euroko isuna ordaindu beharko du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia