Gizartea -

Ikerketa

Ziberjazarpena: WhatsApp bidez, eta, batez ere, neskei

Biktimen % 70 neskak dira, eta batez beste 13,6 urte dituzte. Egunero jazartzen dituzte, baina gutxienez ikasturte oso bat ematen dute laguntza eskatu baino lehen.

Sakelako telefonoaren bitartez egin ohi da jazarpena, ikerketaren arabera. EiTB
Sakelako telefonoaren bitartez egin ohi da jazarpena, ikerketaren arabera. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teknologia berriak baliatuta egiten den eskola jazarpena, ziberjazarpena edo ziberbullyinga, Estatuan dauden jazarpen kasuen laurdena da jada, "Ziberbullyingaren ikerketa, kaltedunen arabera" izeneko azterketak jaso duenez. Mutua Madrileña eta ANAR fundazioek (Arriskuan dauden Ume eta Nerabeentzako Laguntza) egin dute 2013 eta 2015 artean azken erakunde horren telefono zenbakian (900 20 20 10) biktimek eta horien senideek egin dituzten ehunka dei aztertu eta gero.

"Datu base handia geneukan, eta, horri esker, arazoa barrutik aztertu dugu, pairatzen dutenen ikuspuntutik", azaldu du Benjamin Ballesteros ANAR fundazioaren programen zuzendariak.

Ikerketa horren arabera, ziberjazarpenaren biktimak neskak dira gehienbat (kasuen % 70ean) eta 14 bat urte dituzte (13,6, batez beste). Familia arrunt (aita, ama eta anaia-arrebak) bateko alaba izan ohi da, arazo ekonomiko bakoa.

Eskola inguruko jazarpen kasuetan sexuen arteko oreka handiago dago biktimen artean. Ziberbullyingean, ordea, neskak dira nagusi.

Jazarpena egunero pairatzen dute (kasuen % 72), teknologia berriak egunerokoaren parte direlako, ikerketaren esanetan. Gehienetan irainak (kasuen % 81) jasotzen dituzte biktimek, baina baita mehatxuak (% 37) eta euren kontrako zurrumurruak (% 11) ere.

Jazartzaileak ere nerabeak izan ohi dira, "agresibitateak eta mendekuak jotakoak".

Ikertzaileen arabera, jazarpena egunero pairatuta ere, biktimek gutxienez ikasturte oso bat ematen dute sufritzen inori laguntza eskatu baino lehen.

WhatsApp bidez

Kasurik gehienetan, sakelako telefonoa erabiltzen da jazarpena egiteko, gehienetan (% 81) WhatsApp aplikazioaren bidez.

Ikertzaileen aburuz, biktimari tratamendu psikologiko egokia ematea da ziberjazarpena gainditzeko modurik egokiena. Hala, erasotzaileari aurre egiteko, bere burua defendatzeko eta bere autoestimua indartzeko aukera izango du nerabeak. Ikastetxeak neurriak hartzea ere ezinbestekoa da, adituen hitzetan.

Horren ildoan, Estatu osoan era bateratuan jarduteko protokolo baten beharra nabarmendu dute ikerketaren egileek.

ANAR fundazioak emandako datuen arabera, 2013-2015 aldian zenbatutako kasuen % 5,8 Euskal Autonomia Erkidegoan izan ziren, eta bakar bat ere ez, Nafarroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa EAE Gizartea Gaurko azken orduko albistea