Gizartea -
Gertakaria
Guadalajarako erailketak 'kontu-garbitze' baten ondorioa izan daitezke
Antza denez, 'kontu-garbitze' bat dela eta hil zuten familia brasildarra, senar-emazteak eta haien bi semeak, Piozen (Guadalajara).
Agentziak | Erredakzioa
Jose Julian Gregorio Espainiako Gobernuak Gaztela-Mantxan duen ordezkariak baieztatu duenez, Piozen (Guadalajara) hilda aurkitutako familia brasildarra "kontu-garbitze" baten ondorioz erail zuten. Gorpuzkiak zatituta azaldu ziren, poltsatan sartuta.
Gregorioren esanetan, familiak denbora gutxi zeraman Piozen bizitzen, eta Brasiletik "ihes egin" zuten. Alabaina, Guardia Zibila egiten ari diren ikerketaren zain daudela adierazi du, itxura guztien arabera abuztuan gertatutakoa argitu dadin.
Hildako lau pertsonen gorpuzkiak zatituta zeuden, hainbat poltsatan gordeta. Igandean aurkitu zituzten Los Sauces kaleko etxebizitza batean, bizilagun batek inguruan antzemandako usain txarraz Polizia ohartarazi ostean.
Uztailetik bizi ei ziren Madriletik 60 kilometrora dagoen urbanizazio horretan, bizilagunek esan dutenaren arabera. Ez omen ziren oso ezagunak inguruan, eta abuztu bukaeraz gero ez zituen inork ikusi.
Guadalajarako 1. Instrukzio Epaitegiak kasua isilpean mantentzea erabaki du, eta Piozeko Udalak, bestalde, bi dolu-egun ezarri ditu.