Gizartea -

Baiona

'Euskararen telefonoa'ren arrakasta azpimarratu du Behatokiak

Zerbitzua erabili duten Ipar Euskal Herriko herritarren kopurua % 12,84 hazi da. Hartara 227 espediente zabaldu ditu Behatokiak hiru lurralde horietan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2009ko urteko txostena aurkeztu du Baionan. Ipar Euskal Herriari dagokion informazioaren berri eman dute agerraldian Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendari berriak eta Ione Josie Ipar Euskal Herriko arduradunak.

Behatokiak "balorazio positiboa egiten du Euskararen telefonoa zerbitzuak ipar Euskal Herrian izan duen arrakastarengatik. Hala ere, azpimarratu behar dugu kexa gehienak Lapurdiko herritarrek egin dituztela", azaldu du Garbiñe Petriatik.

Bestalde, "berretsi behar dugu Frantziako Konstituzioaren 75. artikuluan egindako aldaketak ez duela eraginik izan eskubideen urraketetan. Hortaz, euskarak ikusezintasunean jarraitzen du. Are gehiago, aurten atzerapauso nabarmenak eman dira".

Petriatik azaldu duenez, "euskarazko harrera eskatzeagatik ‘hemen Frantzian gaude’ edota telefonoa esekitzea bezalako jarrerak pairatu behar izan dituzte behin baino gehiagotan".

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, txosten honetan jasotako datuak administrazioen esku utziko ditu. "Batetik, egoera zehatz horiek ez errepikatzeko, eta bestetik, konponbidea eman diezaioten", azaldu du Behatokiko zuzendariak.

Guztira 1.415 espediente bideratu ditu Euskal Herrian Behatokiak. Horietatik, 1.287 kexak izan dira. Euskararen telefonoa erabili duten Ipar Euskal Herriko herritarren kopurua % 12,84 hazi da. Hartara, 227 espediente zabaldu ditu Behatokiak hiru lurralde horietan. Pixkanaka-pixkanaka gora doa Euskararen telefonoa zerbitzua, gora egin du espediente-kopuruak (171tik 227ra).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea