Gizartea -
Hezkuntza
Unibertsitaterako hautaprobaren diseinuan ari da lanean Euskadi
Hezkuntza sailburuaren hitzetan, ikasleak ezin dira Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren ezarpenaren zain egon.
agentziak | erredakzioa
Unibertsitatean sartzeko 2017-2018 ikasturterako proba diseinatzen ari direla esan du gaur Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren inguruan sortutako "zalantzak" argitzerik duen galdetuta.
"Hezkuntza Ministerioaren arabera, Legeak indarrean jarraitzen du, baina hori gelditzeko elkarrizketak egiten ari dira. Ezin gara geldirik egon zer gertatuko den zain; erabakiak hartu behar ditugu, eta gurean egin behar dugu lan", azaldu du sailburuak.
Ikasturtea abiatzeko ekitaldian, Bilbon, Cristina Uriartek Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren gainean adierazi duenez, "ezer konpontzen eta dena zapuzten duen legea da".
Umeak, gaur, ikasturte hasieran. EFE
Bestalde, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak aurreikusitako batxiler-titulua lortzeko amaierako azterketa egingo ote den ez dakiela esan du Uriartek. Errebalida ikasturte honen bukaeran egin beharko lukete ikasleek, baina ez luke eragin akademikorik izango hurrengo ikasturtera arte.
IKASTURTEAREN BERRITASUNAK
Halaber, ikasturte hasiera honetako daturik esanguratsuenak eman ditu sailburuak, horrek dakartzan berritasun nagusiekin batera. Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikasketa mailetan, 373.117 ikasle hasi dira jada ikasgeletan. Datu honek igoera arin bat dakar (% 1ekoa), iazkoarekin alderatuta.
Hala ere, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte), jaitsiera izan da aurten ere, ia puntu batekoa, azken urteetako jaiotzen beherakadaren ondorioz. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan (2-5 urte) ere, matrikula beherakada izan da: aurreko ikasturtean baino % 3,27 gutxiago izango dira aurten.
Lehen Hezkuntzan (6-11 urte), % 1,07 hazi da ikasleen kopurua; DBHn (12-15 urte), % 3,02; Batxilerren (16 urte baino gehiago), % 0,61, eta LHn (16 urtetik aurrera), % 5,30.
Euskadiko familiek aukeratzen duten hezkuntza sareari dagokionez, berriz, publikoaren eta itunpekoaren arteko orekak jarraitzen du ezaugarri nagusi izaten. Ikasleen % 50,9k sare publikoan ikasten dute, eta gainerakoek (% 49,1), itunpekoan.
Hizkuntza-ereduei begiratuta, D eredua da ikasleek gehien eskatzen dutena. Haur Hezkuntzan, ikasleen % 77,8k (iaz baino % 0,7 gehiago) aukeratu dute eredu hori. Beste muturren dago A eredua: ikasle berrien % 4k bakarrik aukeratzen dute eredu hori.
ENPLEGU PUBLIKORAKO ESKAINTZA, LANBIDE HEZIKETAN
Bere hitzaldian, Hezkuntza Saila prestatzen ari den Enplegu Publikorako Eskaintza berria ere izan du hizpide sailburuak. Lanbide Heziketako irakasleei zuzenduta egongo da, eta udan deituko dute. "Plaza kopurua urte amaieran zehaztuko da, Espainiako Gobernuak ezartzen dituen mugak tarteko, baina uste dut iazko EPEaren pareko kopurua izango dela?. 2016an burutu den EPEari buruz, berriz, Uriartek jakinarazi du plaza eskuratu duten 529 irakasle (Bigarren Hezkuntzakoak) dagoeneko euren lanpostuetan ari direla lanean.