Gizartea -
Abuztock
Erraustegiaren kontrako protesta jaialdia egingo dute gaur Donostian
'Errebolta baketsua' izan nahi duen jaialdia Cristina Enean izango da 18:00etatik aurrera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
GuraSOS errauste plantaren aurkako gurasoen plataformak Abuztock izeneko protesta jaialdia antolatu du gaur arratsalderako Donostiako Cristina Enea parkean. Antolatzaileen arabera, erraustegiaren kontrako "errebolta baketsua" egin asmo dute, eta Garbiñe Biurrun, Arantxa Urretabizkaia, Jabier Muguruza, Iban Zaldua eta Bide Ertzean taldea izango dira bertan parte hartuko duten batzuk.
Gipuzkoako Foru Aldundiak errauste plantaren inguruan prozesu parte-hartzailea abiatzeari uko egin ostean, "modu zibilizatu eta tinkoan" erantzuteko dei egiten dio GuraSOS plataformak gizarteari.
Kultura eta gizarte arloko herritar ugarik parte hartuko dute ekitaldian, besteak beste, Oreka TX eta Bide Ertzean musika taldeek, Amets Arzallus bertsolariak, Javier Muguruza eta "El Drogas" musikariek, Paco Etxeberria forentseak, Arantxa Urretabizkaia eta Iban Zaldua idazleek, Garbiñe Biurrun epaileak eta Haimar Zubeldia txirrindulariak.
Abuztock jaialdia 18:00etatik 20:30era egingo da Donostiako Cristina Enea parkean, eta antolatzaileek 70. hamarkadan iraultza eta bakearen ikur bihurtu zen "Woodstock" jaialdiari eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzari ere keinu egin nahi izan diote.
GuraSOSen esanetan, ez da onargarria errauste plantaren lizitazioa udan martxan jarri izana eta herritarrei parte-hartze eskubidea aldarrikatzeko dei egin die.