Gizartea -
AEB
Pablo Ibarrek helegitea jarri du baldintzapeko askatasuna lortzeko
Epaileak ukatu egin zion, eta erabaki horren kontra jo du. Bestalde, Fiskaltza eta defentsa prozesuan "irregulartasunak" salatu zituen lekuko baten inguruan eztabaidatzen ari dira.
agentziak | erredakzioa
Pablo Ibarren defentsak helegitea jarri du baldintzapeko askatasuna ukatu izanaren aurka. Ibar, euskal jatorriko preso estatubatuarra, epaiketa errepikatzeko zain dago, eta ordura arte baldintzapeko askatasuna nahi du, epaitegiak heriotza-zigorra kendu ostean.
"Oso ongi osatutako apelazio helegitea jarri dugu, eta, legea betetzen badute, lortuko dugula uste dut", adierazi du Joe Nascimentok, Benjamin Waxman abokatuak zuzentzen duen letratuen taldeko abokatu defentsariak.
Nascimentok auzitegitik atera denean egin ditu adierazpenok. Defentsa eta Fiskaltza eztabaidatzen aritu dira epailearen aurrean, defentsak Gary Foe izeneko lekuko baten testigantza kontuan ez hartzeko eskatu baitu.
Estatuak aditu bat kontratatu omen du, Foe identifikatzeko taldeko saioan Poliziak "hainbat irregulartasun" egin zituela esan zuen psikologo baten adierazpenak baliorik gabe uzteko.
Fiskalek "gure psikologoaren, Ronald Fisherren, kontrako iritzia duen aditu bat ekarri nahi du", horren esanetan. Fisher, Floridako Nazioarteko Unibertsitateko irakaslea, "aditu oso errespetatua da" eta Ibarren defentsak deklaratzera eraman nahi du epaitegira.