Gizartea -
Alkerdiko kobak
Nafarroako historiaurreko margorik zaharrenak topatu dituzte Urdazubin
Urdazubiko kobaren inguruan harrobi bat dago eta haren ustiatzeaz arduratzen enpresak jarduera mantentzeko asmoa iragarri zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urdazubiko Alkerdi kobetan Paleolitoko grabatuak topatu dituzte, Nafarroan inoiz aurkitutako margorik zaharrenak dira. Hala baieztatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Nafarroako Gobernuak eskatuta, egin duen ikerketak.
Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilariak eman ditu ikerketaren xehetasunen berri.
Aipatzekoa da Alkerdiko haitzuloen inguru berean Marmoles Baztan enpresak kudeatzen duen harrobi bat dagoela.
Ikerketak dio Alkerdin egindako aurkikuntza arkeologiko eta artistikoak oso garrantzitsuak direla, Nafarroan topatutako margo zaharrenak direlako. Horrenbestez, harrobiaren jarduera behin betiko eteteko gomendioa egin du.
Gaur egun etenda daude zulaketak eta leherketak, meatze lanak egiteko baimenaren luzapena bezalaxe. Abuztuan, enpresak metodo berriekin lanean jarraitzeko asmoa agertu zion Nafarroako Gobernuari.
Gobernuak azaldu du meatzeko lanak egitea ez zela "egokia" ebatzi zutela Garapen Ekonomikorako, Nekazaritzako eta Kulturako sailek elkarlanean.
Aurkikuntza berriei Nafarroako Kultur Ondarearen foru araua ezar diezaiekete, Kultur Intereseko Ondare izaera aitortzen baitiete "labar artea duten kobazuloei, babeslekuei eta bestelako lekuei".
Hori dela eta, Kultura Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Kultur Ondarearen Erregistroan sartu du kobazuloa, eta inguru arkeologiko maila eman dio.