Gizartea -
AEBetako zientzialariak
Bularreko minbizia prebenitu dezakeen txerto bat garatu dute
Antigenozko txerto bakar batek tumoreak azaltzea prebenitzen du saguetan, eta tumoreak handitzea galarazten du.
Erredakzioa
Bularreko minbiziaren aurkako txerto bat garatu dute Ohiko (AEB) Cleveland Klinikako ikertzaileek. Txertoa laborategiko animalietan frogatu dute eta emaitza "oso positiboak" lortu ditu.
Ikerketaren arabera, antigenozko (antigorputzak sortzen dituen substantzia) txerto bakar batek bularreko minbizi tumoreak agertzea prebenitzen du saguetan, eta garatu diren tumoreak handitzea galarazten du.
Datorren urtean frogak gizakietan egitea espero dute ikertzaileek, eta positiboak baldin badira, bularreko minbizia prebenitzeko lehen txertoa izango litzateke.
Ikerketa
Ikerketako saguen erdiak txertoa jaso zuten eta gainerakoei antigenoa ez zuen beste botika bat eman zieten. Sagu guztiak minbizia garatzeko genetikoki moldatu zituzten.
Antigenoa jaso zuten sagu guztiek ez zuten gaixotasuna garatu. Bien bitartean, gainerako saguek eritasuna garatu zuten.
Orain arte gibel minbizia eta zerbikala prebenitzeko txertoak onartu ditu AEBetako Botika eta Elikagai Administrazioak, baina birusei eraso egiten diete biek eta ez minbiziaren osaketari.
Ikertzaileen esanetan, ikerketako emaitzak bularreko minbizitik haratago doaz eta beste minbizi mota batzuen kontrako txertoak garatzeko ikuspuntu berriak ematen dituzte.