Gizartea -
Gertakaria
Gizon bat atxilotu dute beste bat sastatzeagatik, Iruñean
Hilketa saiakera leporatuta atxilotu eta espetxeratu dute. 29 urteko biktimak senda-agiria jaso du dagoeneko.
agentziak | erredakzioa
Iruñeko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du hilketa saiakera leporatuta, aurreko igandeko goizaldeko hiruetan beste gizon gazte bat sastatzeagatik.
Zaurituak 29 urte ditu eta iruindarra da. Lepoan, gerrialdean eta sabelean jaso zituen labankadak, baina atzo senda-agiria jaso zuen.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, atxilotua espetxeratu dute dagoeneko, eta 19 urteko antsoaindarra da.
Iruñeko Alde Zaharreko Caldereria kalean izan zen erasoa, eta Udaltzaingoak jaso zuen abisua lehenik. Bertaratu zenean, arma zuriz egindako zauriak zituen gazte bat aurkitu zuten, eta ospitalera eraman zuten berehala.
Udaltzainek lekukoen testigantzak jaso zituzten, eta erasotzailearen deskribapena jaso ostean, horren bila joan ziren. Gaztea harrapatu aurretik, arma zuria aurkitu zuten zabor-edukiontzi baten barruan, eta Antsoainen aurkitu zuten gero erasotzailea.