Gizartea -

80. urteurrena

Athleticek bat egin du Agirre lehendakariari egin zaion omenaldiarekin

Duela 80 urte hautatu zuten lehen lehendakari Jose Antonio Agirre, baina 1921etik 1925era Athleticeko jokalaria izan zen. Atzo, igandea, omenaldia egin zioten Bilbon.

Jose Antonio Agirreren erraldoia. Argazkia: EFE
Jose Antonio Agirreren erraldoia. Argazkia: EFE
Jose Antonio Agirreren erraldoia. Argazkia: EFE

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Athleticek bat egin du San Mamesen Jose Antonio Agirre lehendakariari egin zaion omenaldiarekin; izan ere, aurten 80 urte bete dira lehen Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria hautatu zutenetik. 1936an izan zen. 1920ko hamarkadan, baina, Athleticeko jokalari izan zen. Bartzelonaren aurka jokatu duen partida aprobetxatu du talde zuri-gorriak hura omentzeko.

Partida horren atsedenaldian, zenbait ekitaldi egin dituzte, bai San Mamesen inguruan eta baita futbol-zelaian bertan ere; horiekin, Athleticek bat egin nahi izan du azken hilabeteotan arlo sozial eta politikoan Agirreren omenez egin diren ekitaldiekin.

19:00etan, Don Terencio, Doña Tomasa, Pichichi eta Agirre lehendakariaren erraldoiek elkarretaratzea egin dute San Mamesen ondoan. Halaber, futbol-zelaiaren kanpoaldeko pantailek Agirrek Athleticen izan zuen ibilbideari buruzko bideoak eman dituzte. Gainera, partidara joan direnek argitalpen berezi bat jaso dute, lehen lehendakariaren kirol- eta politika-bizitzaren gaineko informazio eta argazkiak biltzen dituena.

San Mamesen barruan, Athletic-Bartzelona partidaren atsedenaldian egin dituzte hura omentzeko ekitaldiak. Aurrena, bideo bat eman dute, Jose Antonio Agirrek talde zuri-gorrian izandako ibilbidearen gainekoa. Jarraian, haren birbilobak zelairatu dira, futbol-zelaiari buelta bat ematera, erraldoiak lagun zituztela.

Agirreren erraldoia egun berezi horretarako egin dute, eta Bilboko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin aritzen direnekin ibiliko da aurrerantzean.

Jose Antonio Agirrek 1921etik 1925era jokatu zuen Athleticen, eta 46 partidatan irten zen hasierako hamaikakoan. Batez ere, esker hegalean jartzen zuten entrenatzaileek. 1923ko Kopa irabazi zuen.

Halaber, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Josu Erkoreka eta Cristina Uriarte sailburuak ere izan dira Athletic eta Bartzelona taldeen arteko futbol partidan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Bilboko albisteak Athleticen zelai berria Eusko Jaurlaritza EAE Eguneko albisteak Lehenengo Euskal Gobernuaren lehendakaria