Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Hiru lagun atxilotuta Nafarroan, genero-indarkeria delituak egotzita
Atxiloketok Mendabian eta Erriberrin izan dira. Atxilotuetako bati bikotekide ohiari eraso egitea leporatu diote. Beste biei, ordea, urruntze agindua urratzea.
erredakzioa | eitb.eus
Hiru pertsona atxilotu dituzte Nafarroan azken egunotan indarkeria-matxista delituekin zerikusia dutelakoan, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Asteazken goizean, Foruzaingoaren Agintaritza eta Koordinazio Zentroak dei bat jaso zuen, Mendabian genero indarkeria kasu bat izan zitekeelako.
Hori dela eta, polizia-auto bat bertaratu zen eta ustezko erasotzailea atxilotu egin zuen, aurrekariak dituen 36 urteko bizilaguna.
Atzo, asteazkena, arratsaldean, Tafallako Foruzaingoaren Polizia-etxeko agenteek Erriberriko 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekide ohiarengandik indarrean duen urruntze-agindua urratzeagatik.
Atxilotua biktimarengana hurbildu zen, mehatxuka, neska lagun batzuekin zegoela, Erriberriko igerilekuetan.
Azkenik, bart, Lizarrako Foruzaingoak Lodosako 52 urteko bizilagun bat atxilotu du, Mendabian ere bai, bikotekide ohiarengandik ezarrita duen urruntze-agindua urratzea egotzita.
Agenteek Foruzaingoaren Agintaritza eta Koordinazio Zentroak emandako abisua jaso zuten, bi pertsonak eztabaidatzen ari zirelako. Behin bertaratutakoan, agenteek baieztatu zuten bietako batek urruntze agindua hautsi zuela.
Hala, poliziek jakinaren gainean jarri zuten gizona, baina azken horrek muzin egin zuen esandakoari, eta urruntze agindua urratu egin zuen -jakinda urratzen ari zela-, agenteak aurrean baziren ere. Hori dela eta, berehala atxilotu zuten eta Lizarrako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 1 zenbakiko Epaitegian aurkeztu beharko da.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.