Gizartea -

ERASO MATXISTA, BILBON

C's-ek esan du bere zinegotziak ez duela bikotekidea jo

Riveraren alderdiaren arabera, zinegotzia bera da biktima, lapurreta saiakera baten biktima izan baitzen eta lapurrei aurre egin zienean jo egin baitzuten.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ciudadanos alderdiak ukatu egin du Jerezen (Cadiz) duen zinegotziak bikotekidea jo izana, eta lapurreta egin ziotela eta lapurrei aurre egin zienean eraso egin ziotela esan du.

Albert Riverak gidatzen duen alderditik EFEri baieztatu diotenez, Jerezko zinegotzia eta horren bikotekidea Bilbon daude egunotan, baina zinegotziak ukatu egin du asteazken goizaldean bikotekidea jo izana kalean, eta biktima bera izan dela esan du, bikotea Bilboko Zazpikaleetatik zihoala lapur batzuk lapurreta egiten saiatu baitziren, eta erasotzaileei aurre egin zienean bera jo baizuten.

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez, Aste Nagusiko txosnagunean emakume bat jotzea leporatuta atxilotutako gizona Espainiako herri bateko zinegotzia da, baina ez du datu gehiago eman.

Bilboko Udalaren arabera, erasoa 03:55ean izan zen, Itxaropen eta Zingira kaleek bat egiten duten tokian, eta bertan zeuden pertsona batzuek gizonezkoaren erasoa geldiarazi, eta Udaltzaingoari deitu zioten horren berri emateko. Bertaratutakoan, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten genero indarkeria delitua leporatuta.

Alkatearen ustez, "genero indarkeria" kasu hau "are eta larriagoa da (erasotzailea) Estatuko herri bateko zinegotzia baita", baina ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan: "Garrantzitsuena da bikotekideari eraso diola".

"Nabarmendu nahi dut pertsona horrek ardura publikoa duela, eta horren moduko ardura dugunoi gehiago eskatu behar zaigu", gaineratu du.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko Aste Nagusia Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia EAJ Albisteak Albert Rivera